argia.eus
INPRIMATU
Tuterako Sigma Brakes enpresak lanean jarraitzen duela salatu du ELAk
  • Enpresak argudiatzen du bere jarduera garraioari zerbitzua ematera bideratuta dagoela eta, horregatik eusten diola ekoizpenari. ELA sindikatuak ez du ulertzen "balazta-pilulak funtsezko produktutzat jo daitezkeenik eta, beraz, horiek fabrikatzeak 300 pertsona inguruko kolektibo bat eta haren familiak beharrik gabe arriskuan jartzea justifikatzen duenik".

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 02a
Argazkia: ELA.

ELA sindikatuak zabaldu duen oharrean adierazi du Sigma Brakes enpresan "segurtasun-neurri batzuk ezarri diren arren, ezinezkoa dela guztien osasuna babestea, enpresako lana nola antolatuta dagoen ikusita. Langile askok orpoz orpo lan egiten dute. Gertakari horiengatik berengatik jarri zen salaketa bat Lan Ikuskaritzan".

Martxoaren 29an onartu zen 10/2020 Errege Lege Dekretu berria, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak gelditu behar direla agintzen duena. Sigma Brakesek argudiatzen du bere jarduera garraioari zerbitzua ematera bideratuta dagoela eta, horregatik, bere ekoizpenari eusten diola, argudio hori Gobernu Ordezkaritzak bermatua izan delarik. ELAk ez du ulertzen balazta-pilulak funtsezko produktutzat jo daitezkeenik: "Beraz, horiek fabrikatzeak 300 pertsona inguruko kolektibo bat eta haren familiak beharrik gabe arriskuan jartzea justifikatzen duenik".

Enpresako batzuk dagoeneko koronabirusaz kutsatuta

ELAk jakinarazi duenez, "dagoeneko enpresa honetako langile batzuk bajan daude, bai COVID-19 kutsatzeagatik, bai berrogeialdian kutsatuekin edo sintomekin kontaktuan egoteagatik". 300 langile inguru dituen fabrika izanik, kutsadura foku handia izan daitekeela ohartarazi du sindikatuak.