Nafarroa Garaian geratzen zen azken Osborne zezena, Tuterakoa, “indarkeriaren bidez” eraikitako “estatu-aparatu” guztiak ere erortze bidean daudenaren isla dela azaldu du Ernaik.
Duela egun batzuk eraitsi zuten, “nazkatuta” daudelako Euskal Herriko paisaietan “inposatutako” sinbolo espainiarrak ikusteaz eta “indar okupatzaileen jazarpena pairatzeaz”.
Urriak 12, Hispanitatearen egunaren testuinguruan egin dute ekintza. Adierazi dute egun horretan ez dutela ezer ospatzeko: “Mila aurpegi ditu urte eta mendeetan zehar espainiar estatuaren aldetik herritarrok jasan dugun inposaketak. Eta, hala ere, ez dute lortu segundu erdi batez ere espainiar sentitzerik”.
“Betidanik errepresioarekin lotuta egon den nazioaren izaera ospatzen dute urriaren 12an gure herri eta errepideak okupatzen dituzten indar armatuek”, azaldu dute Guardia Zibilari erreferentzia eginez. “Eraldaketa eta askatasunaren alde egiten duen mugimendu ororekin bukatzeko sortua izan zen tresna da”.
Gogorarazi dute “indar okupatzaileek” Euskal Herrian duten jarduna espainiar eta frantziar gobernuek “gatazka iraunarazteko” eta konponbidearen bidean “urratsik ez emateko” daukaten “hautu sendoaren erakusle” dela.
“Inposaketa” testuinguru horretan, Espainiatik “joateko” erabakia hartu dute: “Herri berri bat eraikitzera goaz, eta bertan ez dago zuentzako lekurik”. “Denok norabide berean bultza eginez gero, inposaketa guztiekin amaituko dugu”, gaineratu dute.
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Topatu.info webguneak argitaratu du eta webgune horretako lizentzia libreari esker ekarri dugu ARGIAra]