Zuzendaritzak argudiatu du "ahalegin guztiak" egin arren, bezeroen eskaria "drastikoki" murriztu dela. Nafarroako industriaren defentsan igandean egingo den mobilizazioan parte hartuko du enpresaren komiteak.
Siemens-Gamesa, Sunsundegui, BSH, Tasubinsa... eta, orain, Nano Automotive. Nafarroako industria albiste txarren sinonimo bilakatzen ari da azken asteetan, eta hori berresten azkena Tuterako automozio sektoreko lantegia izan da. Enpresako zuzendaritzak jakinarazi du konkurtso legean sartzeko tramiteak jada hasi dituela, eta, hortaz, 120 langile kaleratuko dituela.
Urtearen hasieratik lantegiko hainbat sekzio ixten joan dira pixkanaka pixkanaka, eta horietako langileei aldi baterako erregulatzeko espedienteak ezarri, enpresako komiteak duela gutxi azaldu zuenez. 2023. urteko azaroan ere ixteko kinka larrian egon zen Nano Automotive, orduko konkurtsoko administratzaileak ez baitzuen onartu zuzendaritzak ateratako bideragarritasun-txostena, eta enpresa likidatzea proposatu zuen.
Nano Automotiveko enpresa komiteak mobilizatzeko deia egin du asteartean eginiko elkarretaratzean: ostiralean egingo dute Tuteran eta igandean Nafarroako industriaren defentsan egingo den mobilizazioan parte hartuko du, Iruñean, itxi berri dituzten zazpi lantegietako enpresa komiteekin batera.