Badira, Bagara dokumentala aurkeztuko du Tuterako Argia Ikastolak ostiralean, Donostiako Basque Culinary Center aretoan. Erriberako familiek euren seme-alabek euskaraz ikas dezaten egin behar duten ahalegina erakusten duen ikus-entzunezkoa da. 19:30tan hasiko da aurkezpena.
1986ko Euskararen Foru Legeak hiru zatitan banatzen du Nafarroa: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna. Azken hau, Erriberako 14 herrik osatzen dute, eta bertan, administrazioak ez du euskarazko hezkuntza sustatzen. Hori dela eta, Tuterako Argia ikastolara joatea da eskualdean euskaraz ikasteko aukera bakarra .
28 urtez, inguru erdaldunari, autobus bidaia luzeei, diru-sarrera ezari eta beste hainbat trabari egin behar izan diote aurre guraso eta irakasleek, bertako haurrek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Errealitate hori plazaratzea da Badira, Bagara dokumentalaren xedea.
Honakoa da Olatz Artola, Itxaso Frau eta Marta Prolek egin duten ikus-entzunezkoaren trailerra:
Badira Bagara trailerra from badirabagara on Vimeo.