Tuterako Ernaik Hitlerren irudi bat moldatu zuen Alejandro Toquerok euskararekin duen jarrera salatzeko. Bere ohorea urratzea leporatzen dio alkateak gazte antolakundeari.
Tuterako epaitegietan jarri du salaketa Toquerok. “Tuterako alderdi demokratiko bateko alkate bat, korporazio demokratiko bateko kide hautetsi gisa diharduena, Hitler bezalako hiltzaile genozida batekin alderatzea ez da adierazpen-askatasuna, baizik eta ohorerako eskubidean bidegabeko sartzea, gaitzespena merezi duena”, dio salaketa idatziak, Noticias de Navarra-k argitaratu duenez.
Toquerok esan du kartela bere aurkako eraso pertsonal onartezina dela: ”Ez dut onartuko, besteren artean familia dudalako, eta ohore bat, zeinarekin aurkezten naizen nire herritarren aurrean”. Alkateak kartelaren egileak “koldar” batzuk direla esan du. “Sare sozialen atzean ezkutatzen dira, hiri osoan zehar egindako pintaketa eta gizalegearen aurkako ekintzetan, gaitzesten zituen Tuterako gizartearen bizitza errealean parte hartu gabe”. Kartela sareratzean “atsegin dut” sakatu zutenen aurka ere egin du Toquerok, tartean udaleko ordezkari politikoak.
Euskararen aurka
Toquerok euskararen aurkako jarrerak agertu ditu hainbat aldiz. Esaterako, 2019an herriko jaietako txupinazoa nork botatzen duen aukeratzeko modua aldatu zuen, urte horretako txupinazoan euskara ere erabili izanarekin haserre. Edo 2021ean El Mundori emandako elkarrizketa batean Tuteran euskara “inork” ez duela hitz egiten adierazi zuen. Ernairen kartelak Hitlerren irudi bati aurpegia Toquerorenagatik aldatzen dio, Euskara gurea, denona leloarekin.