Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Talde horren Seguimos vivos (Bizirik jarraitzen dugu) abestia hautatu du Alejandro Toquero UPNko alkate eta alderdiko lehendakariordeak sare sozialetan 2025eko Tuterako Udaleko aurrekontuak aurkezteko. UPNk bere jarraitzaileei eskerrak emateko helburua du abestiak, eta uler liteke Toquerok ere hori egiten duela bere jarraitzaileekin.
Baina horretarako talde faxista baten irudia erabili du, Siempre fascistas (Beti faxistak) edo Eh, negro moduko abestiak dituena, arrazismo sustatzeko eta eskuin muturreko beste hainbat abestiren artean. Hemen aipatutako azkenaren itzulpena: Eh, Beltza itzuli oihanera / Europa zuria da eta ez da zure lurra / Skin gazte zuri harroak / Lehenago edo geroago aterako zaituztegu hemendik / E! beltza itzuli oihanera / Europa zuria da eta ez da zure lurra.
1991etik ari da taldea, heavy metal estiloan, eta RAC (Rock against comunism, rocka komunismoaren aurka) mugimenduaren parte da. Hemen Siempre fascistas abestiaren letra zati bat: Espainiaren aldeko skinhead, bere lurraren aldeko borrokan, Europaren aldeko skinhead historia defendatzen, Espainiaren aldeko skinhead, bere lurraren aldeko borrokan, skinhead nazionalistak, beti leial beti faxista.
Ser irrati kateak eman du albistean berri. Kateak azpimarratzen du, halaber, aste honetan bertan José Luis Sánchez de Muniain Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiko UPNko eledunak 1936ko frankistak eta Maravillas Lamberto parekatu dituela, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Erorien Monumentuaz erabakitakoa arbuiatzean: “Besterik gabe, bandoz aldatzea erabaki dute, frankisten aldekoak omentzen ziren lekuan orain omenduko dute beste taldeak errepresaliatutako beste pertsona bat”.
UPNko lehendakari Cristina Ibarrolari adierazpen horiez galdetuta, ez dituela entzun adierazi du, baina seguru dagoela ez zuela bi figuren arteko konparaketarik egin nahi.