argia.eus
INPRIMATU
Tuterako Alde Zaharrean atez ateko bilketa ezartzea eskatu dio auzo elkarteak udalari
  • Tuterako Alde Zaharreko auzo elkarteak udalari eskatu dio bere 4.000 biztanleen eta bertako negozioen hondakinak biltzeko atez atekoa ezar dezala, auzo horretarako sistemarik egokiena delako. Sistema horrekin bide batez desagertuko lirateke orain kaleak itsusitzen dituzten edukiontzi zikinak, "uneotan Alde Zaharrak zuhaitz baino edukiontzi gehiago baitauzka".

Zero Zabor @zero_zabor 2021eko martxoaren 22a
Hondakinen edukiontziak Tuterako kale batean. (Argazkia: SER)

2014an zabor bilketarako kamioi berriak erosi zituenean, Tuterako Udalak auzotarrei agindu omen zien begien bistatik desagerraraziko zituela zabor-kontainerrak, baina geroztik "ez du ezer aldatu", kexatu da auzo elkartea, "lehen bezala Alde Zaharreko kaleetan nagusi dira edukiontzi zikin eta kiratsez beteak eta Tuterako zabortegi bilakatzen dira asteburuetan, jai egunetan eta ospakizunen bat dagoen aldi orotan".

Horien ordez, udalari eskatzen diote gaur egun Oviedo eta Iruñeko alde zaharretan ezarrita dauden bilketa sistemen hibrido bat, bi bilketa ezberdin eskainiko dituena: bata herritarrentzako, hondakin ezberdinak egun jakinetan atera ahal izateko, eta bestea ostatu eta gainerako komertzioentzako. Horrela, asko irabaziko luke birziklatzeak, zikinkeria, kutsadura eta egun osoan soportatu behar den kiratsa saihestuko litzateke eta kale eta plazak garbiago egongo lirateke, airearen kalitatean eta zaratetan ere hobekuntza nabarmenak lortuko liratekeela.