argia.eus
INPRIMATU
Tuterako alde zaharrak ‘paloteao’ berria estreinatuko du ekainaren 30ean
  • Bereziki alde zaharreko, baina orohar, Tuterako kultur-giroa aberasteko xedez, paloteao berria estreinatuko dute Erriberako hiriburuan heldu den ekainaren 30ean. Antzerki molde honen ohiko estruktura mantenduz, garai berrietara egokitu nahi izan dute eta hartara, ez da apenas egonen erlijioari aipamenik —deabrua eta aingerua desagertuko dira, beraz—.

dantzan.eus 2018ko ekainaren 29a
Tuterako alde-zaharreko 'paloteao'-aren sustatzaileetako zenbait, aurkezpenaren egunean. (Argazkia: Dantzan.eus)

Tuterako alde zaharraren garai bateko giro baserritarra eta landa eremuko lanak gogoratzeko ahalegina egin dute proiektuaren sustatzaileek. Dantzarien jantzietan eta dantzak osatzeko erabilitako erreferentzietan antzeman ahal izanen da lotura hori. Orotara ia 40 lagun ari dira sorkuntzan auzo-lanean. 

8 neska dantzari

8 dantzariz osatutako taldeak izan ohi dira makil-dantzarienak eta kasu honetan, zortzi neskez osatutako taldeak emanen ditu paloteao-ko dantzak. 5 dantza izanen dira orotara —ez dute etorkizunean gehiago izateko aukera baztertzen— eta tamaina ezberdinetako makilak erabiliko dituzte haien aldairetan. Jose Luis Balmasedak atondu ditu dantzok, Jabitxu Perez Obanos gaiteroak espreski sortutako doinuetan oinarrituz.

Deabru eta aingerurik gabe, Artzainburuak eta artzainak hartuko dute kontakizunaren ardura nagusia. Haien ondoan, bestelako pertsonaiak ere ariko dira, hala nola, Zipoteroa, Bardea, Ziertzo haizea, apaiza eta aurtengoan bereziki, Musa ibn Musa, Banu Qasi leinuko tuterar ospetsua. 

Aipatutako Jose Luis Balmaseda, Jabitxu Perez de Obanos eta Fernando Leon gaiteroa dira proiektuaren bultzatzaileak. Gainera, Leon bera da testuegileetako bat Carlos Aurensanz, Inma Benitez "Minina" eta Mikel Ciordiarekin batera.

Albiste hau Dantzan.eusek argitaratu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.