argia.eus
INPRIMATU
Ekialde Erdia
Turkiaren aliatu jihadista siriarrak Damaskorantz doaz
  • Siriako egoera bortitza izoztuta egon da azken urteetan, eta orain nazioarteko lehen planora atera da. Azaroaren azken egunetan, Siriako Gobernuaren aurka gerran diren talde jihadistek oso egun gutxitan hartu dute Alepo, herrialdeko bigarren hiria. Egoera oso konplexua eta nahasia da, gaitza urrutitik ulertzekoa, hala ere hona hemen gertatzen ari dena ulertzeko pista batzuk.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko abenduaren 06a
AFP

Siriako lurralde gehiena egungo Bashar al-Assad-en gobernuak edo berarekin aliatutako indarrek kontrolatzen dute, nahiz eta kontrola esatea oso gauza arina den, orain ikusten ari den bezala. Azaroaren amaieran HTS (Levanteko Askapenerako Erakundea) eta Siriako Armada Nazionalak (SNA) gidatutako taldeek Alepo hartu zuten eta ostegun honetan Hama, Siriako laugarren hiria. Hegoalderanzko aurrerabidean Damasko hiriburua dute buruan, baina lehenik Homs hartzen saiatuko dira. Adituen arabera, hori lortuz gero egoera estuan utziko lukete Damasko.

2011n hasi zen Siriako gerra zibila, udaberri arabiarraren testuinguruan, eta tartean ehunka mila hildako izan dira eta milioika pertsona ibili dira atzera aurrera herrialdean. Gerra hasieratik Alepo oposizioko indarren menpe egon zen, talde jihadistak nagusi, eta batez ere Turkiak lagunduta. Al-Kaeda, horren adar Al Nusra Frontea –geroago HTS–, Estatu Islamikoa, edo SNA dira urte hauetan Siriako ipar-mendebaldean, batez ere Idlib probintzian, nagusitu diren sigletakoak, haien artean borroka eginda ere bai.

Libanoko su-etena baliatu dute

Hezbollah-ren eta Israelen arteko su-etena azaroaren 27an sartu zen indarrean eta hortik aurrera hasi ziren aurrera egiten talde jihadistak Aleporantz. Bi egunetan hartu zuten Alepo, eta nazioarteko hedabide ugaritan irakur daiteke haiek ere harrituta geratu zirela Siriako armadaren ahuldadeaz.

Edozein kasutan, erasoa une berezi horretan etorri da, Ekialde Hurbileko xake taula oso korapilatsuan, eta Siriako Gobernuaren aliatu nagusienek beraien etxeetan nahiko egoera konplexuak bizi dituztenean: Errusia, Ukrainako gerran buru-belarri murgilduta dago eta Iran, Israel eta AEB erasoak nola saihestu pentsatzen; eta Siriako gerran sostengu garrantzitsu izan zuen Hezbollah Israeli aurre egiteko larri dago.

Turkiak ku-ku egin du

Edozein kasutan, eta hori kolore guztietako analistek aitortua da, Alepoko erasoaldi hau ez litzateke posible Turkiaren oniritzi barik. David Hearst Middle East Eye hedabideko koeditorearen arabera, eraso hau prestatzen ibili dira azken hamazortzi hilabeteetan. Eta zergatik orain? Aipatzen den eragileetako bat Turkiak duen siriar errefuxiatuen kopurua da, hiru milioi siriar bizi da Turkian egun, eta Turkiako oposizioa gero eta gehiago erabiltzen ari da haien aurkako xenofobia –“ez ditugu arabiar gehiago nahi!– Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren aurka egiteko. Asteburu honetan, abenduaren 7an eta 8an Dohako Foruma izango da Qatarren, eta bertan biltzekoak dira Errusia, Iran eta Turkia.

Kurduak beldur dira

Gutxi gora behera, Siriako ipar-mendebaldea Turkia eta honek sostengatutako Siriako oposizioko hainbat talderen eskuetan egon da azken bospasei urteetan, eta ipar-ekialdea Kurduak eta Siriako Gobernuaren artean banatu dute. Azken bi aktore hauek, oro har, aliatuta ibili dira gerra zibilean Estatu Islamikoa eta beste talde batzuen aurka, nahiz batzuetan elkarren aurka ere aritu diren.

Kurduen lidergoa YPG (Herriaren Babes Unitateak) miliziek daramate eta nagusiki Estatu Islamikoa eta beste talde Al Kaedazaleen aurka egin behar izan du, baita Turkiako Gobernuaren aurka ere. YPGko milizia kurduak PPKren aliatuak dira, eta Turkiak terroristatzat ditu. Askotan jo du haien aurka gerra honetan. Aldi berean, YPGk AEBetako sostengu militarra izan zuen hura Estatu Islamikoaren aurka aritu zenean. Orain YPGk kontrolatzen dituen lurrak hartu nahi ditu Turkiak, eta horrek ehunka mila kurduren lekualdatzea ekar dezake. Egoera korapilatsu horretan HTS eta SNAko indarrek hegoalderantz jarraitzen dute eta Damasko bera ere arriskuan jar dezakete.