argia.eus
INPRIMATU
Turkian eraikitzen ari diren zentral nuklearraren segurtasuna zalantzan jarri dute lurrikarek
  • Ez da oraindik aktibitatean Akkuyu-ko zentral nuklearra eta udazkenerako nahi dituzte bukatu obrak. "Bihar beste lurrikara bat gertatuko balitz eta erreaktoreak erregaiz beteak balira, orduan, ikaragarrizko katastrofea izanen genuke", azaldu du zentralari buruzko txostenaren oinarrian dagoen Pinar Demircan ekologistak. Gobernuak dio "leku seguruan" eraikitzen dabiltzala, baina aurkakoek kontrakoa frogaturik dute.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko otsailaren 09a
Akkuyu-ko zentral nuklearra eraikitzen hasi ziren 2015ean

Bi seismo bortitzek Ekialde Hurbila gogor astindurik, jadanik presente zuten kezka areagotu zaie azken egunetan: Turkiaren hegoaldean kokaturiko Akkuyu-ko zentral nuklearrean gertatu daitekeen istripua. Otsailaren 6ko lurrikararen epizentrotik 420 kilometrotara da zentrala. Hala eta guztiz ere, "inolako kalterik ez da egon” zentralaren jabea den Rosatom enpresako Anastasia Zoteevaren hitzetan.

2015eko apirilean abiatu zituen obrak Rosatom Errusiako enpresa publikoak, VVER-1200 kategoriako lau erreaktore eraikitzeko kontratua izenpeturik. Eraikuntzan atzerapenak gertaturik, ez dago oraingoz erregairik bertan eta seguruenik eskerrak, 7,8 magnitudeko lurrikarak eta sei gradutik gorako hamarnaka erreplikek ondorioak ukanen zituelako ekoizpenean.

Gobernuaren bertsioa gezurtaturik

Akkuyu zentral nuklearra Turkiako leku "seguruenean" kokatua dela dio Eraikuntza ministeritzak –hemen gobernuak oinarrian daukan mapa–. Alta, aurkako ahotsak biderkatu egin dira Turkiako eta Errusiako Gobernuek kontratua 2011n izenpetu zutenetik. "Akkuyu Ecemis faila aktibotik 25 bat kilometrora dago, eta horrez hain, Zipre eta Akkuyu lotzen dituen itsaspeko faila sismikoan ere badago. Faila-lerro 'itsuak' ere kontatu ditugu bertan", dio zentral horri buruzko txosten baten oinarrian dagoen Pinar Demircan ekologistak –Nukleersiz.org ekimenaren koordinatzailea ere da–. Argi dauka: "Bihar beste lurrikara bat gertatuko balitz eta erreaktoreak erregaiz beteak balira, orduan, ikaragarrizko katastrofea izanen genuke".

Mehatxu meteorologikoez gain, jadanik kezka iturri izandakoa da gunea, besteak beste 2018an arrakalak agerturik erreaktoreetariko batean, eta 2021ean leherketa eta sute bat abiaturik transformadore batean.

Errusiaren eskuetan

"Build-own-operate" gisako kontratuak bideratzen ditu enpresa errusiarrak –"eraikuntza-jabetza-esplotazioa", hots, hastetik buru Errusiak du kontrola; eta kasu honetan Turkiak, berriz, eskumen gutxi, planoak, programak, teknologiak, langileak zein ingeniariak errusiarrak direlako–.

Gainera, bi gobernuek izenpeturiko hitzarmenari segi, zentralak ekoizturiko elektrizitatearen erdia erosi beharko dio hamabost urtez Turkiak Errusiari. Özgür Gürbüz kazetariaren kalkuluen arabera, 2.000 milioi dolar inguru urtero.

16.000 lagun baino gehiago hil eta milaka zauritu dira Turkian, Sirian eta Kurdistanen, eta etenik gabe gora doa hildakoen zifra: Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du hildakoak 20.000ra iritsi daitezkeela hurrengo egunetan.