Asteartean sarekada egin du poliziak Turkiako zazpi hiritan, eta indarrez sartu dira kazetarien etxeetara eta erredakzio bulego batera. Bi hedabide kurdutako langileak dira atxilotutakoak. Duela bi aste onartu zuen parlamentuak Zentsura Legea, eta kazetari elkarteek salatu dute adierazpen askatasuna zigortzeko baliatzen ari dela gobernua. Lehendik 72 komunikazio langile zeuden espetxean.
Turkiako Poliziak hamaika kazetari kurdu atxilotu ditu asteartean, eta sekretupeko ordena ezarrita, kazetariek ez dakite zer den egozten zaien delitua. Lehenengo 24 orduetan ezin izan dute abokatuekin hitz egin. Kazetariak Mesopotamia eta JinNews berri agentzia kurduetako zuzendari edota korrespontsalak dira Turkian. Turkiako kazetarien sindikatuek eta oposizioko alderdiak prentsa librearen aurkako sarekada dela salatu du. Oraindik beste hiru kazetariren bila dabilela esan du Poliziak.
Turkiako zazpi hiritan izan dira atxiloketak, etxeetan zein Mesopotamiaren Ankarako bulegoan. Kazetariek tratu txarrak eta mehatxuak salatu dituzte. Polizia etxeetara indarrez sartu da eta atxilotutakoek torturak jasan dituzte, ANF berri agentzia kurduak jaso duenez. Halaber, erredakzio bulegoan poliziak hainbat ordenagailu, kamera eta dokumentu lapurtu ditu. Gainera, atxilotuek azaldu dute bulegoan 1990 hamarkadan hilak izan ziren kazetarien argazkiak zeudela, eta poliziak haiek hautsi eta eraman egin dituela.
Duela bi aste Turkiako Parlamentuak zentsura lege bat onartu zuen, eta haren arabera, “informazio faltsua” zabaltzen duen orori kartzela zigorra jarri dakioke. Adierazpen askatasunaren aurkako legea dela erantzun du oposizioak eta baita NBE Nazio Batuen Erakundeak ere. Kazetariak atxilotu izana ez du sorpresaz hartu, beraz, hainbat politikarik.
DFG kazetarien elkarteak gertatutakoa larria dela esan du eta kazetaritza ez dela delitua aldarrikatu. Taldeak urriaren hasieran salatu zuen 72 komunikazioko langile zeudela Turkian preso.