argia.eus
INPRIMATU
Turkiako gobernuak 130 komunikabide baino gehiago itxiarazi ditu
  • Fehtullah Güllen opositorearen aldeko jarrera izatea egotzita itxi dituzte. Hedabideetako kazetari eta zuzendari batzuk atxilo hartu, eta beste zenbait atxilotzeko agindu du Erdoganek.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 28a
Gobernuak itxitako kazetetako bat da Zaman. Bertako 47 langile atxilotzeko agindu dute. [Argazkia: Deniz Toprat]

Recep Tayyip Erdogan presidenteak zuzentzen duen Turkiako gobernuak enegarren erantzun errepresiboa eman dio uztailaren 15eko estatu kolpe saiakerari: 130 komunikabide ixteko agindua eman du Turkiako Errepublikaren Gazeta Ofizialaren bidez.

Itxitako komunikabideen artean, gehienak eskualde mailako hedabideak dira, eta nazio mailako bederatzi ere badaude tartean; hala nola, Cihan berri agentzia, Bügun TV eta Samanyolu TV telebistak eta Today’s Zaman, Meydan, Bügun eta Zaman egunkariak. Hedabide horiek guztiak gobernuaren eskuetan zeuden iragan azarotik.

Gobernuak aldaketa sakonak egin zituen hedabide haietan euren jabe bihurtu bezain pronto. Hala, botere exekutiboak ezarritako administrari berriek ildo editoriala aldatu eta kaleratzeak egin zituzten kasu gehienetan. Orain pauso bat harago joan da Erdogan, eta Fehtullah Güllen –AEBetan bizi den aurkari politikoetako bat– aldeko izatea egotzita, Zaman egunkariko 47 langileren atxilotzea agindu du.

Estatuaren menpe ez dauden hedabideek ere jaso dute ixteko agindua. Besteak beste, Özgür Düsünce, Taraf eta Yeni Hayat egunkariak itxi dituzte, Erzincan telebista katearekin batera. Azken horretako kazetari batzuk preso hartu dituzte azken egunetan. Gehiengo kurdua duten lurraldeetako telebistak ere kaltetu ditu neurriak.

Turkia emergentzia egoeran egoteak salbuespen neurriak hartzeko aterpe legala ematen dio gobernuari. Estatuak kargurik aurkeztu gabe itxi ditzake elkarteak, komunikabideak kasu, eta prebentziozko atxiloaldiak lau egunetik 30era luzatu ditzake. Horrez gain, 25. artikuluak “albisteak exageratzen” dituzten kazetariak zigortzea ahalbidetzen du.