argia.eus
INPRIMATU
Turkiako ezkerrak bat egin du Erdogan boteretik botatzeko
  • Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto Ricard González 2023ko maiatzaren 09a
Istanbuleko elkarretaratzea Maiatzaren Lehenean. Argazkia: Ricard González.

Azken hamarkadako Maiatzaren Lehen guztietan bezala, Turkiako ezkerra Maltepe parkean bildu zen, Istanbulgo eremu asiarreko auzo batean. Elkarretaratzean parte hartu zuten 80.000 lagunen artean ez zegoen militantzia osoa. Ausartenak Taksim plaza mitikoan biltzen saiatu ziren, ospakizun horretarako ohiko lekua dena, 1977ko maiatzaren 1ean Poliziak 34 manifestari sarraskitu zituenetik. Bertan, erdigunean, 500.000 pertsona bildu ohi ziren. Hori saihesteko, AKP islamistaren gobernuak metro-geltokirik zentrikoenak ere itxi zituen, 2013an Geziko protestetatik egiten ari den bezala. Eguna istilu batzuekin eta 35 lagunen atxiloketarekin amaitu zen. Erdoganen Turkian, ezkerrak ezin du aukeratu non ospatu bere urteko festa.

Beraz, ez da harritzekoa Turkiako ezkerra, bere azentu eta historia guztietan, batu izana Recep Tayyip Erdogan presidentetzatik kanporatzeko datorren maiatzaren 14ko hauteskunde presidentzial eta legegileetan. Helburu hori pankartetan eta kontsignetan agertu zen, baita oholtzako zuzendaritzaren hitzaldietan ere. “Sistema kaltegarri honetatik libratu behar dugu behingoz. Egin dezagun promesa bat, tiranoen gobernua desagerrarazi dezagun”, aldarrikatu zuen Arzu Çerkezoglu DISKeko idazkari nagusiak, sindikatu turkiar indartsuena denak, herriari eskatu ziona “despotismoaren eta askatasun politikoen” artean hautatzeko. Ez zuen Erdogan aipatu, baina ez zen beharrezkoa izan, mundu guztiak ulertu zuen.

Hauteskundeen garrantzi izugarriak, gobernuaren noraez autoritario betean, ez die ihes egiten buruzagiei, ezta oinarriari ere. Eta horrek salbuespenezko neurriak eskatzen ditu, Turkiako Alderdi Komunistak (TKP) hartutakoa kasu. “Historian lehen aldiz, alderdiak ez ditu hauteskundeak boikotatuko, baizik eta Kemal Kiliçdaroglu bozkatzera deituko du”, adierazi du Janek, ile luze kizkurreko gazteak, unibertsitateko graduatu berriak, eta lau urte baino gehiago daramatzanak TKPn. Kiliçdaroglu CHPko burua da, zentro-ezkerrekoa, oposizioko alderdi nagusia, eta presidentegaia izango da sei alderditako koalizio batekin, IYI eskuindarra barne hartzen duena, baita hiru alderdi islamista ere; TKPk emandako pausoa ezohikoa dela berresten dute kidetza horiek.

Ezkerrak bereziki pairatu ditu Hauteskunde Lege gogorraren hondamenak. Izan ere, kurduen alderdi nazionalistak Parlamentura sar ez daitezen, Parlamentuan sartu ahal izateko muga botoen %10ekoa izan da

TKP parlamentutik kanpoko alderdi txiki bat da, udaberriko goiz eguzkitsu honetan Marmara itsasoaren ertzean banderak astintzen zituzten hogei alderdietatik gehienak bezala. Hala ere, boto batzuen gorabeherarekin emaitza erabaki daitekeen hauteskundeetan, babes guztiak ezinbestekoak dira. Astebete eskasen faltan, Kiliçdaroglu eta Erdoganen arteko berdinketa teknikoa aurreikusten zuten inkesta batzuek.

Ezkerrak bereziki pairatu ditu Hauteskunde Lege gogorraren hondamenak. Izan ere, kurduen alderdi nazionalistak Parlamentura sar ez daitezen, Parlamentuan sartu ahal izateko muga botoen %10ekoa izan da. Ostrazismo urte askoren ondoren, CHPko ezker pragmatikoenak ikasi du bere ezberdintasunak kudeatzen eta hauteskundeetarako koalizio zabalak hitzartzen. Azken urteotan, HDP alderdia, kurduen mugimendu nazional historikoaren azken hauteskunde bertsioa, ezkerreko koalizio horien bizkarrezurra izan da. 2018ko hauteskundeetan, 57 diputatu lortu zituen, botoen %12 inguru eskuratuta.

Oraingoan, ordea, ez da bere siglekin aurkeztuko “Askatasunaren eta Lanaren Aliantza” koalizio aurrerakoian, baizik Yesil alderdi ekologista txikiaren siglekin. Arrazoia da Gorte Gorenak legez kanpo utz dezakeela, ustez PKKrekin –1984tik herri kurduaren burujabetzaren alde borrokan ari den milizia– lotura duelako. Hauteskundeak hurbildu ahala, ekintzaile kurduen aurkako errepresioa areagotu egin da, eta apirilaren amaieran 130 baino gehiago atxilotu dituzte, legegintza hauteskundeetarako hautagairen bat barne. HDPko buruzagi Salahatin Demirtas-ek preso jarraitzen du, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aske uztea eskatu arren. Azken urteotan, HDPren esku zeuden ia 60 udal desegin dira.

Hauteskundeak hurbildu ahala, ekintzaile kurduen aurkako errepresioa areagotu egin da, eta apirilaren amaieran 130 baino gehiago atxilotu dituzte, legegintza hauteskundeetarako hautagairen bat barne

“Yesil babesten dut, uste baitut kurduen auziari irtenbidea aurkitzea dela herrialdeko arazo nagusia”, dio Bahadirrek, Zientzia Politikoetako ikasleak, Che Guevararen irudia duen txapel bat jantzita. Belardian bere ondoan eserita, Emre klasekideak baietz dio, eta gehitzen du ezkerrarentzat Kurdistango bakea arazo premiazkoagoa dela inflazioarekin bat datorren soldata igoera baino. Harrigarria bada ere, bietako inor ez da kurdua. “Horretaz gain, alderdi kurduek pentsamolde irekiagoa dute alderdi askotan, eta ez bakarrik gutxiengoen eskubideetan. Adibidez, feminismo kontuetan”, Emrek baieztatzen du.

Turkian, alderdiak ezker-eskuin ardatzean sailkatzea zaildu egiten da, auzi nazionalak eta islamak bizitza publikoan duen rolak zeharkatzen dutelako. “Zentzu askotan, Kiliçdaroglu-ren CHP pareka daiteke Frantziako edo Alemaniako alderdi sozialdemokratekin. Keynestarrak, laikoak eta aurrerakoiak dira kontu moraletan. Dena den, oso nazionalistak dira eta kurduen aurkako diskurtsoa izan dute sarritan”, Omer Taspitar politologoak dioenez. Maiatzaren 1eko elkarretaratzera ordezkaritza txiki bat bidali zuten, alderdi xehe eta parlamentarioz kanpokoen aurrean zurbiltzen zena. Alderdiko agintari ezagunik ere ez zen igo oholtzara.

IDP alderdi trotskistaren hautagaiak. Argazkia: Ricard González.

“‘Askatasunaren eta Lanaren Aliantza’ koalizioko ezkerreko alderdi gehienek, HDP barne, hautagairik ez aurkeztea eta Kiliçdaroglu babestea erabaki zuten. Gu ez geunden ados. Uste genuen plataforma aurrerakoi bat aurkeztu behar genuela presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, eta Kiliçdaroglu babestu behar genuela bigarrenean”, azaldu du Görkem Duru IDP alderdi trotskistaren Istanbulgo Parlamenturako hautagaiak. Bere kalkuluen arabera, HDPrekin elkartutako ezkerreko alderdi txikiak hautesleen %3 izan daitezke.

“Kiliçdarogluren gobernu baten politikak ez dut uste oso ezkerrekoak liratekeenik, egia esan. Ez bakarrik CHP zentrista delako, baizik eta koalizioko beste alderdiengatik”, iragarri du Duruk, eta esan du ezberdintasunak areagotzea dela herrialdearen arazo nagusia. Iaz, Turkiako lira %50etik gora jaitsi zen, eta inflazioa %85era igo zen, beraz, langile klaseak ordaindu du preziorik handiena. “Baina orain, lehentasuna Erdoganengandik libratzea eta demokraziaren biziraupena bermatzea da. Ondoren mobilizatuko gara borroka sozialengatik”, dio politikari horrek. Hausnarketa hori estalinistek, trotskistek eta maoista turkiarrek partekatzen dute orain. Erdogan islamistak batu duena ezin izan dute banandu, zerrenda bateratuetako kuoten inguruko liskarrek ere. Benetako miraria.