argia.eus
INPRIMATU
Turkiako estatu kolpeari erantzuna: 6.000 atxilotutik gora
  • Porrot egindako kolpearekin harremana izatea leporatuta atxilotu dituzte, militarrak gehienak. Horrez gain, 2.745 epaile eta fiskal kargugabetu dituzte.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 18a
Atxilotutakoen irudiak zabaltzen ari dira sarean: preso dauden militar batzuk, Erdoganen argazkiari begiratzera behartuta.

Ostiraleko estatu kolpe saiakerak Turkiako gobernuaren botere erakustaldia ekarri du. Kolpean parte hartzea egotzita, 6.000 lagundik gora atxilotu ditu Recep Tayyip Erdoganen gobernuak azken egunetan. Haietatik 2.839 militarrak dira; tartean da Alí Yazici, presidentearen aholkulari militar gorena. Reutersek zabaldu duenez, Turkia EBn sartzea kudeatzen ari den Johannes Hahn komisarioak esan du “kolpearen aurretik atxiloketa zerrendak prestatuta” zituela Erdoganek.

Militarrez gain, 426 epaile eta fiskal eta kartzeleratu dituzte, eta 2.745 kargutik kendu. “Atxilotze masiboekin kolpezaleak berrantolatzea ekidin nahi da”, adierazi du botere exekutiboak, El País-en arabera. Turkiako prentsaren esanetan, Erdoganek estatuko aparatuan dituen aurkari politikoak baztertzeko erabili dezake huts egindako kolpearen aitzakia: “Estatuko erakunde guztietatik birusa garbitzen jarraituko dugu”, ohartarazi du Erdoganek. Heriotz zigorra berrezartzearen gaia parlamentura eramango duela adierazi du presidenteak.

Estatu kolpe saiakerak liskarrak eragin zituen Ankara eta Istanbulgo kaleetan. Horren ondorio, 300 pertsona inguru hil ziren ostiral gauean. Haietatik 200 bat herritarrak, eta militarrak gainontzekoak. Igandean egin ziren hildako gehienen hileta elizkizunak.

Kolpearen egiletza, argitu gabe

Erdoganek Fehtullah Güllen elizgizon islamistari egotzi dio kolpearen ardura, baina honek ukatu egin du zerikusirik duenik. Hain justu, Güllenek Turkiako presidentea bera jo du errudun. AEBetan bizi da Güllen, eta haren estradizioa eskatu duten arren, “horretarako frogak aurkeztu” beharko dituztela adierazi du John Kerry Estatu Batuetako estatu idazkariak.