argia.eus
INPRIMATU
Turkiako armadak Kurdistango Afrin hiriari eraso egin eta hamazazpi zibil hil ditu
  • Larunbatean hasi zuen Turkiako Gobernuak Siriako lurraldean dagoen Kurdistango Afrin hiriaren aurkako erasoa. Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari diren YPG gerrilari talde kurduaren aurkako operazioa dela adierazi du Turkiako Gobernuak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 22a
Arg: Mursel Coban / AP

Turkiako armadak 17 zibil eta 14 miliziano hil ditu larunbatean Kurdistango Afrin hiriaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik, Rudaw.net hedabideak jaso duenez. Turkiako Gobernuak zabaldu duen oharrean, YPGak “antolakunde terrorista” gisa definitu ditu eta horregatik hauen aurkako erasoa defendatu du. Herritarren babeserako sorturiko miliziak dira YPGak. Azken urteetan Estatu Islamikoaren aurkako borrokan aritu dira.

Afrin hiriaren “okupazioa” gogor salatu du HDP alderdiak. Bere esanetan, Kurdistango herriaren askatasun nahiaren aurkako erasoa da asteburu honetan Turkiako armadak burutu duena. Egoeraren berri emateko prentsaurrekoa antolatu zuen alderdiak Dyarbakir hirian, baina Turkiako poliziak eraikina inguratu eta prentsaurrekoa ematea galarazi zien.

Siriako ingururik egonkor eta seguruena zen orain gutxira arte Afrin. Azken urteetan populazioa bikoiztu egin da eskualde honetan,  nazioarteko laguntza handirik gabe, milaka Siriar errefuxiatu jaso baititu Kurdistango eskualde honek.