Turkiak FSA Siriako Armada Askea taldearen laguntza izan du Estatu Islamikoa bertatik botatzeko. Ankarak milizia kurduen hedapena gerarazteko baliatu nahi du erasoa.
“Estatu Islamikoko kideak Jarabulus inguruko herrietatik ihesi joan dira. Hegoalderantz doaz, Al Bab hirira”. El Periódicok dakarrenez, FSA Siriako Armada Askeko komandante baten hitzak dira honakoak. Milizia horren laguntzaz baliatu da Turkiako armada Sirian sartu eta Jarabulus hiria hartzeko. Kurduen hedapena geraraztea eta Araz bitartean “segurtasun eremu bat” ezartzea da Ankararen asmoa, Berriaren arabera.
Jarabulus hartuta zuten Estatu Islamikoko kide gehienek ihesari ekin zioten FSA-ko –turkiarren aire eta lurreko babesarekin– milizianoak hirira gerturatu orduko. Errenditu egin ziren beste batzuk. Handik gutxira, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek hiria hartu zutela jakinarazi zuen.
FSAko borrokalari batek BBCri adierazio dionez, Alepo eta Idlibetik eraman dituzte Turkiara, eta handik sartu dira Siria iparraldean. Siriako Atzerri Ministerioak gogor kritikatu du ekintza: “Terrorismoaren aurkako borroka ez datza EI kanporatzean, Turkiak babestutako beste terrorista batzuk sartzeko”. Halaber, gogorarazi du Siriako lurralde barruan, terrorismoaren aurkako borroka Siriako Gobernuarekin koordinatu behar dela.
Kurduei bidea itxi nahian
Estatu Islamikoaren aurkako borroka ez da operazio hau martxan jartzeko arrazoi bakarra. YPG Herriaren Babeserako Unitate kurduek indar handia dute Siria iparraldean, bertako zonalde handi bat kontrolpean izaki. Haien hedapena geraraztea litzateke Turkiaren nahia. Jarabulus hartu zuen operazioaren izena da horren adierazgarri: Eufratesko ezkutua.
Hain justu, Eufrates ibairaino erretiratzeko eskatu zien milizia kurduei John Biden AEBetako presidenteordeak. Turkian izan da Biden, eta zehaztu du haien eskaria betetzen ez badute orain artean emandako babes logistikoa kenduko dietela.
Izan ere, elkarlanean aritu dira YPG eta AEBetako soldaduak. Esaterako, kurduek kontrolatutako eremuan, Siria ipar-ekialdean, baseak jarri dituzte Estatu Batuek. Azken hauen babesarekin lortu zuen SDF Siriako Indar Demokratikoek –koalizio horretako kide da YPG– Estatu Islamikoa Nambij hiritik botatzea, iragan abuztuaren 14an.