argia.eus
INPRIMATU
Turkiak HDP alderdi kurduko 108 kideren aurkako epaiketa abiatu du
  • HDP alderdi kurduko 108 kideren aurkako epaiketa hasi dute astelehen honetan. 2014an Kobanen piztutako protestak deitzeagatik eta Turkiaren batasuna eta segurtasuna arriskuan jartzeagatik epaituko dituzte. Bizi osorako kartzela zigorra jaso dezakete alderdiko zuzendaritzako kideek.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 26a
Argazkia: Mahmut Bozarslan

Astelehen honetan Turkiako Estatua HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa alderdi kurduko 108 kide epaitzen hasiko da, nazio estatuaren batasunaren aurka eta PKKrekin lanean ari direla leporatzen baitiete.

2014an Kobane hirian egondako protestekin lotuta dago salaketa. Izan ere, garai hartan Estatu Islamikoaren erasoaldia jasaten ari zen hiria eta asko bertan bizi ziren kurduei laguntzeko asmoz gerturatu baziren ere, Turkiako indarrek eragotzi egin zieten. HDPko zuzendariak protestak deitu zituen eta eskuin muturreko taldeek, turkiar nazionalistek eta segurtasun indarrek aurka egin zieten. Gutxienez 50 lagun hil ziren eta alderdi kurdurari egozten diote gertatutakoaren ardura, protestak deitu izanagatik eta Turkiako Estatuaren segurtasuna eta batasuna arriskuan jartzeagatik.

Kobaneko protesten geroztik, Ankarak HDPko 6.000 kide atxilotu ditu. 2015ean hauteskundeetan alderdi kurduak botoen %13 lortu zuen Turkiako Parlamentuan ordezkaritza eskatuz eta Erdoganen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiari gehiengo osoa lortzea eragotziz. Sei urte hauetan, presidenteak auzitegiak baliatu ditu oposizioa indargabetzeko.

Europako Giza Eskubideen Auzitegia kontra agertu da, eta nazioartean elkartasun mezu ugari jaso dituzte. EH Bilduko legebiltzarkide den Oihana Etxebarrietak behatzaile internazional moduan HDPko kideen aurkako epaiketan parte hartuko du CUP, ERC, BNG eta beste indar politiko batzuekin batera. Ohar baten bidez adierazi duenez, "HDPren aurkako eraso hau gogor salatzen dugu. Turkiako Gobernuak eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu bere boterea arriskuan jar dezakeen edozein indar deuseztatzeko ". Nazioarteko komunitateari prozesua jarraitzeko eta gertatzen ari dena salatzeko deia egin die.