Turkiak jakinarazi du Israelekin zituen merkataritza harreman guztiak eten dituela eta Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen aurkako genozidio salaketarekin bat egitea eskatuko duela.
Turkiak Israelekin egiten zuen esportazio eta inportazio oro etenda geldituko dela jakinarazi du Turkiako Merkataritza ministroak. Debekuak produktu guztiei eragingo die. Israelek Gazara laguntza humanitarioaren "behar adinako jario etengabea" baimendu arte indarrean jarraituko du boikotak.
Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak asteazkenean adierazi du Ankarak eskaera formala bidaliko diola Nazioarteko Auzitegiari, Hegoafrikarekin batera salatzaile gisa gehitzeko Israeli genozidioa egitea leporatzen dion auzian. Turkiako Atzerri ministroak jakinarazi du testua amaitzen ari dela haien talde juridikoa, eta datozen egunetan gauzatuko dela hartutako “erabaki politikoa”. Fidan ministroak adierazi du “palestinarrak babesten jarraituko dutela egoera guztietan”.
Hala, Turkia hirugarren herrialdea da Hegoafrikaren salaketara batzeko eskatu duena. Nikaragua eta Kolonbiak ere eskaera berdina egin zioten, otsailean eta apirilean, hurrenez hurren, Nazioarteko Justizia Auzitegiari (NJA).
Hegoafrikak abenduan salatu zuen estatu sionista. Behin-behineko neurri gisa, NJAk Israeli agindu zion bertan behera uzteko Genozidio Hitzarmenaren barnean sartu litezkeen ekintza guztiak, eta bermatu zezala Israelgo armadak ez zuela genozidio ekintzarik egingo palestinarren aurka. Alabaina, ez zion agindu eraso militarra gelditzeko, eta honezkero 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7tik hona. Adituen arabera urteak igaro daitezke NAJk behin betiko epaia eman arte.
Alemaniaren arma salmenta Israeli
Nazioarteko Justizia Auzitegiak uko egin dio larrialdiko neurriak hartzeari Alemaniak Israelera esportatutako armen auzian. Nikaraguak egin zuen salaketa martxoan, argudiatuta genozidio arriskua zegoela Alemaniak Israeli armak salduz gero. Apirilaren 30ean atera zuen epaia NJAk eta adierazi zuen ez zuela behin-behineko neurririk eskatuko armen salmentaren auzian, baina ez zuen auzia bertan behera utzi, Alemaniak eskatu bezala. Beraz, bi aldeen argudioak entzungo ditu auzitegiak eta aurrera jarraituko du epaiketak. Hala ere, epaia hilabete luzez atzeratzea espero da.