argia.eus
INPRIMATU
Turkia: kazetarientzako kartzelarik handiena munduan
  • Kazetaritza askatasunez egiteko baldintzak Turkian asko okertu direla salatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek. 2016an mundu osoan 75 kazetari hil, 349 espetxeratu eta 52 bahitu dituztela zenbatu du gobernuz kanpoko erakundeak.

Axier Lopez @axierL 2017ko otsailaren 10a
Kazetarien eta herritarren protestak ugariak izan dira. Arg: AP Photo (Emrah Gurei)

Urtero adierazpen askatasunaren osasunari buruz MGK-ek argitaratzen duen txostenaren 2016ko edizioan eman ditu datuak herrialdeka, Turkiaren kasua da deigarriena. Uztaileko ustezko estatu kolpearen ostean, Recep Tayyip Erdoganek hartutako hainbat neurrik bereziki kaltetu dituzte adierazpen askatasuna eta informatzeko eskubidea: ehunka hedabide bortxaz itxi dituzte, milaka kazetari kaleratu dituzte, 700 kazetari baino gehiagori prentsa-agiria indargabetu diete, Interneten eta sare sozialetan zentsura areagotu da eta 100 kazetari baino gehiago kartzelan daude egun.

Egun bakar batean, uztailaren 27an, 102 hedabide itxiarazi eta desjabetu zituen Turkiako gobernuak: 28 telebista kate, 34 irrati, bost berri agentzia, 29 argitaletxe, 58 egunkari eta 15 aldizkari, MGK elkarteak emandako datuen arabera. "Kazetarien eta prentsa askatasunaren aurkako giroa ezarri du Erdoganen Gobernuak. Europak honen aurrean erakutsi duen "jarrera epela" kritikatu du Espainiako Estatuko MGK-en presidente Malen Aznarezek.

Munduko herrialde guztien egoeraren berri ematen du txostenak eta Espainiako estatuari dagokionez, Mozal Legearen etorrera azpimarratu du erakundeak eta horrek kazetaritzari eragin dizkion traba eta isunak. Tartean, ARGIA aipatzen du Mozal Legeak isundutako lehen hedabide gisa. Frantziako estatuari dagokioenean, 2015eko azaroaren 13ko eraso jihadisten ostean, Frantzia salbuespen egoeran izateak askatasun eta eskubide pertsonalak kaltetu dituela diote, Estatuari "terrorismoaren aurkako borroka" delakoan botere handiagoa emanez. Informazio eta datu guztiak beren webgunean ikus daitezke.