argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Turkia Irakeko Kurdistan konkistatzen ari da, PKKren aurkako borrokan
Justus Johannsen 2024ko uztailaren 22a

Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde separatistek erabilitako kobazuloak, babeslekuak, bunkerrak, biltegiak eta instalazioak suntsitu” dituztela.

2024ko apirilean, Irakeko Gobernu Federalak eta Kurdistango Alderdi Demokratikoak (KDP) onartu zuten Turkiako Armadak operazio militarrak egitea Irak iparraldean; trukean, Turkiarekin akordioa lortu zuten azpiegitura, petrolio eta urari lotutako auzietan. Ameriketako Estatu Batuek inplizituki onartu dute operazioa: “Ulertzen badugu ere PKK Kurdistango Langileen Alderdia mehatxua dela, Turkiako Gobernuak Iraken burujabetza errespetatu behar du eta operazio militar horiek era koordinatuan egin”. Ondorioz, Turkiako Armadak gerrilla kurduaren aurkako erasoak areagotu ditu Irak iparraldean. Ekain erdialdean ofentsiba berria abiarazi zuen, eta tentsioak gora egin du nabarmen.

Turkiako Armadak gerrilla kurduaren aurkako erasoak areagotu ditu Irak iparraldean. Ekain erdialdean ofentsiba berria abiarazi zuen, eta tentsioak gora egin du nabarmen

Erdogan Turkiako presidenteak 40 kilometro zabalerako “segurtasun korridore” bat sortzeko asmoa dauka Turkia eta Iraken arteko mugan, gerrilla kurdua indargabetzeko. Nahiz eta lehenago ere sartu izan den Iraken, PKKren gerrillak gotortuta jarraitzen du zonaldeko mendietan. Erdogan presiopean dago armadan hildakoak pilatzen ari direlako, eta bete gabe jarraitzen dutelako kurduen gaineko garaipen promesek. Irak iparraldea gehiago menderatzeko saiakera lotua dago estrategia ekonomiko eta geopolitiko zabalagoekin, bai etxean zein atzerrian.

2023ko maiatzeko azken hauteskundeetan Erdogan presidenteak porrot nabarmena jaso zuen, 22 urtez agintean egon ondoren. Baldintza desorekatuetan aurkeztu baziren ere, igoera handia lortu zuten oposizioko indar nagusia CHP eta kurduen aldeko DEM alderdiek. Kurduek konponbide politikoa eskatu dute Kurdistango auziarentzat, eta baita Abdullah Oçalan askatzea ere, espetxean dagoen PKKren burua. Hala ere, Erdoganen gobernuak erabaki du operazio militarrak areagotzea, turkiar nazionalisten babesa biltzeko.

Turkia hedatzen ari da Irak iparraldean, Iraken Garapenerako Bidearen Proiektua izeneko egitasmo ekonomikoaren bidez. Proiektu horrekin 2028rako merkataritza igarobidea sortu nahi dute Turkiako mugatik Irakeko bigarren hiri handiena den Basrara, Irak hegoaldean. Irak merkataritzarako korridore nagusietakoa bilakatu nahi dute horrela, baina beste proiektu batzuekin lehian daude: adibidez, AEBek bultzatutako India-Ekialde Hurbila-Europa Korridore Ekonomikoarekin.

Turkia hedatzen ari da Irak iparraldean, Iraken Garapenerako Bidearen Proiektua izeneko egitasmo ekonomikoaren bidez

Sare sozialetako bideoetan ikus daitezke Turkiak egindako aurrerapausoak Irak iparraldeko mendietan, kurduak eta kristau asiriarrak bizi diren zonaldean. Tanke turkiar ugari dabiltza Irak iparraldeko Amediye eskualdeko kaleetan, eta soldaduak herrixkak miatzen dituzte gerrillako borrokalarien bila. Rojnews tokiko hedabidearen arabera, Turkiako Armadak 300 ibilgailu armatu militar baino gehiago mobilizatu ditu, eta 1.000 soldadu gutxienez. Amediye herria inguratuta daukate ekainaren 22tik. Lautada batean dagoen herri zaharra da Amediye, Metina eta Gare mendikateen artean. Metina mendietan borrokaldi gogorrak egon dira Turkiako Armadaren eta gerrillaren artean, eta Gare mendikatea konkistatzen saiatu dira turkiarrak, eremua PKKko gerrillaren base garrantzitsua delako.

Voice of America hedabideko kazetari batek ekainaren 28an zabaldutako bideoetan ikus daiteke Turkiako Armadak checkpoint-ak eta base militarrak ezarri dituela Irakeko Kurdistanen. Community Peace Maker Teams (CPT) GKEaren arabera, Turkiako Armadak gutxienez 1.219 bonbardaketa egin ditu Irakeko Kurdistanen 2024. urtean, 381 ekain erdialdetik hona. CPTk adierazi du erasoaldi militarrek lekualdatzera behartu dutela biztanleriaren zati esanguratsua, eta nekazaritzako lur ugari suntsitu dituztela Amediyeko zonaldean. Gutxienez 170 herrixketako biztanleak behartu dituzte lekualdatzera, eta beste 602 herrixkatik gora daude hustuak izateko arriskuan.

“Umeek ezin dute lorik egin. Operazio militarren beldurrez gehienok abereak saldu ditugu eta lurra lantzeari utzi diogu"

Aurten hildako zortzi zibilez gain, azpiegitura zibil asko suntsitu eta kaltetu dute erasoek. Adibidez, Mizhe herriko eskola suntsitu zuten aire erasoekin otsaila amaieran, eta azken operazio militarretan Miska herriko monasterio kristau bat ere bai, biak Amediye eskualdean. Kesta herriko agintariek adierazi dute beldurtuta daudela indarkeriaren igoera berria ematen ari delako zonaldean. “Umeek ezin dute lorik egin. Operazio militarren beldurrez gehienok abereak saldu ditugu eta lurra lantzeari utzi diogu. Bakean bizi nahi dugu”.

Turkiak Metina eta Gareko zonalde menditsuak konkistatzea lortzen badu, Turkiaren eskuetan egongo litzateke Irakeko Kurdistanaren mendebalde ia osoa. Duela gutxi ekialdeko agintari batek esan du haien eskualdearen ia erdia ere Turkiaren kontrolpean dagoela. Nazioarteko komunitatearen isileko onarpenak Erdogani ahalbidetzen dio lurralde gero eta gehiago bereganatzea.

 

*Justus Johannsen, kazetaria, Ekialde Hurbilean aditua