argia.eus
INPRIMATU
Turistek oporren amaieran uzten dituzten paipoak ingurumen arazo bilakatu dira
  • Prezio apaletan erosten diren kortxozko paipoak edo bodyboardak “hauskorrak eta kutsakorrak” direla ohartarazi dute. Ingalaterran, esaterako, 480 paipo bildu dituzte hondartza bakarrean.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 24a
Croyde hondartzako paipo abandonatuak. Argazkia: Cornwall Live

Ingalaterrako hego-mendebaldeko Croyde hondartzan 480 paipo inguru bildu zituen joan den urtean Plastic Free North Devon gobernuz kanpoko erakundeak, Naiz egunkariak aditzera eman duenez. Urtean zehar hondartza garbiketa ugari egiten dituzte Devon eskualdean, eta antza denez, guztira 14.500 paipo botatzen dira urtero bertako kostaldean.

Plastikozko paipo bat hausten denean, poliestirenozko milaka mikrobola askatzen ditu, eta birziklatzeko oso zailak dira. Free North Devonek kuxinak, diru-zorroak eta beste hainbat produktu egiten ditu birziklatutako plastikozko bolatxoekin. Hala eta guztiz ere, arazoaren dimentsioari so, birziklatzen dena “ezer gutxi” dela aitortzen du elkarteak.

Paipo merkeak

Produktuok oso prezio merkean eros daitezke saltokietan. Hamar euro baino gutxiago balio dute eta turistek opor denboraldian erabiltzeko baino ez dituzte erosten. Kalitate eskaseko poliestirenozko xaflak dira, eta herrialde asiarretan ekoizten den nylon geruza mehe batekin estaltzen dituzte. Ondorioz, oso hauskorrak dira.

Haurrei zuzendutako marrazki bizidunak zein kolore biziak daramatzate estanpatuta, euren arriskua estaliz: ozeanoan eragiten duten kalte izugarria. Izatez, milaka dira mundu osoko hondartzetan botata uzten diren poliestirenozko paipoak. Hori gutxi balitz, produktu horiek egiteko baliatzen diren materialekin ez dituzte laborategiko probak egin, beraz, osagaien artean pintura eta bestelako substantzia toxikoak egon daitezke.

Alternatiba

Kalitate txarreko produktuei aurre egiteko, kalitatezko body board taulak erosteko deia luzatu dute ingurumenaren aldeko erakundeek, urtero erabil daitekeen paipo bakarra, alegia. Gainera, erresistentziari dagokionez ere, material onarekin egindako paipoak ez dira horren hauskorrak.