argia.eus
INPRIMATU
Turista taldeak 25 pertsonara mugatu nahi dituzte Hondarribian ere
  • "Kaleetatik ezin pasa", hondarribiarrak "masa turistiko honen guztiaren ondorioak pairatzen" ari direla-eta, turista taldeak 25 pertsonara mugatzeko mozioa aurkeztuko du udaleko alkatetza duen Abotsanitz alderdiak: "Azken urteetan agintariek bilatutako hiri-eredua gainezka egiten ari da".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko ekainaren 25
"Azken asteetan, nagusiki Alde Zaharra eta Portua auzoetan ikusi ditugu berrogeitik gorako turista-taldeak, noraezean egongo balira bezala". Argazkia: Guiarepsol

Donostian, joan den apiriletik 25 lagunetara murriztu dute turista taldeetako gehienezko pertsona kopurua, eta bide bera jarraitu nahi dute orain Hondarribian. Ostegunean aurkeztuko dute horretarako mozioa. Kostaldeko herria “eskaparate polit gisa, kanpokoentzat produktu polit gisa saltzen den heinean, herritarren bizikidetza ezbaian” jarri dela salatu du Abotsanitzek, eta bizi kalitate duina eta atsegina oinarri duen hiri-eredua dutela helburu.

“Azken asteetan, nagusiki Alde Zaharra eta Portua auzoetan ikusi ditugu berrogeitik gorako turista-taldeak, noraezean egongo balira bezala”. Horren ondorioz, masifikazioak kaletik ibiltzea oztopatzen duela eta bizilagunek portalera sartzeko ere zailtasunak dituztela kritikatu du alderdiak.

Donostian turista taldeak 25era mugatu zituztenetik, talde handiek jomuga aldatu behar izan dutela “eta horietako askok, tamalez, begirada gure herrian” jarri dutela gaineratu du Hondarribiko alderdi nagusiak, eta horregatik, espazio publikoaren ordenantza sortu eta Hondarribian ere muga bera ezartzea proposatu du.

Souvenir dendak eta ingelesezko menuak

Hain justu, Josu Peña alkateordea Espainiako telebista kate batean agertu da berriki, gaiaz hizketan. Alde zaharra, lehen tabernak eta kofradiak zituena, jendez betetako kale komertzial bilakatu dela adierazi du, souvenir dendez eta ingelesezko menuz josia. Etxebizitzaren prezioa izugarri igo dela ere salatu du. "Hondarribia beti izan da herri turistikoa, baina azken bi urteetan asko masifikatu da, batez ere asteburuetan, herria bete eta kolapsatu egiten da", dio elkarrizketan.