Uda iritsi da, turistifikazioaren adierazpen nagusia, eta, berriz ere, hiria turismo-helmuga gisa gehiegi ustiatzeak dakartzan arazoak bereziki ikusgarriak dira, zarata edo kaleen masifikazioa kasu. Dena den, kezkagarriagoak zaizkigu turismoan oinarritutako hiri-ereduaren egiturazko eraginak; adibidez, higiezinen espekulazioa, lan prekarioa, ingurumen-suntsipena edo lotura komunitarioen ahultzea. Azken batean, hiria merkatuko indarrei saltzearen ondorioak. Egungo ereduarekin Donostiako bizilagunen bizitzak arriskuan daudela esan dezakegu.
Munduko hainbat hiritan mobilizazioak egiten ari dira ustiapen turistikoak mugak dituela salatzeko, aldarrikatzeko hiriak bizitzeko lekuak direla, eta ez espekulazio-produktu hutsak. Muga definitu genezake zerbait iritsi daitekeen itzulerarik gabeko puntu gisa. Klima-aldaketak erakutsi zigun muga naturalen ezagutza faltak ondorio suntsitzaileak izan ditzakeela. Era berean, kontrolik gabeko turismoak hiria eta bertan bizi den guztia higa dezake, eta kalte itzulezinak eragin. Horixe gertatzen ari da Donostian, egoerarekin aberasten den gutxiengo pribilegiatuaren alde lan egiten duten erakunde publikoen, hedabideen eta lobby-en bultzadarekin.
Horren aurrean, BiziLagunEkin-en uste dugu badela garaia turistifikazioaren arazoei aurre egiteko, beranduegi izan baino lehen. Uda honetan hiru ardatz landuko ditugu eztabaida, hausnarketa eta ekintzaren bidez: turistifikazioak gazteengan dituen ondorioak, etxebizitzarako eskubidea eta lan-baldintzak. Turistifikazioa gure bizitzak eta komunitatea maila guztietan zeharkatzen dituen fenomeno gisa ulertzen dugu, eta arlo guztietan lan eginez aurre egiten diogu.
Alokairu turistikorik gabeko eszenatoki batera eramango gaituzten neurriak behar ditugu, etxebizitza eskuratzea errazteko. Nahitaezkoa da erakunde publikoek neurriak ezartzea
Donostiako etxebizitza-larrialdiak zerikusi zuzena du kontrolik gabeko turistifikazioarekin. Pisu turistikoen ugaritzeak alokairuen prezioa izugarri igotzea ekarri digu, eta ondorioz, egoiliarrak lekualdatu eta kanporatu dituzte eta oinarrizko eskubide izan beharko lukeena luxu eskuraezin bihurtu dute. Alokairu turistikorik gabeko eszenatoki batera eramango gaituzten neurriak behar ditugu, etxebizitza eskuratzea errazteko. Nahitaezkoa da erakunde publikoek higiezinen espekulazioa geldiarazteko eta etxebizitza-eskubidea bermatzeko neurriak ezartzea.
Turismo-jarduerari lotutako enplegu asko aldi baterakoak dira, gaizki ordainduak, ordutegi irregularrekin, lan-karga handiegiarekin eta laneko segurtasunik gabe. Eredu hori eutsiezina da eta desberdintasuna betikotzen du. Hiriko ekonomia dibertsifikatzearen alde egin behar dugu, turismo-monolaborantza geldiarazita eta hirian bizi-proiektu baterako egonkortasuna, duintasuna eta gutxieneko baldintzak eskaintzen dituzten beste sektore batzuetan kalitatezko enpleguak erraztuta. Horrek langileen bizitza hobetuko du, eta ekonomia erresilienteagoa lortzen lagunduko du, krisi klimatiko eta energetikoaren aurrean hain kaltebera den industria horren mende ez dagoena.
Lan-prekaritateak zuzenean eragiten die gazteei, turistifikazioak bereziki kaltetzen baititu. Donostiatik kanporatzen dituzte etxebizitzaren prezio handiagatik eta lan-aukera duinen faltagatik, eta gure auzoetako komunitateak suntsitzen eta hiriaren etorkizuna hipotekatzen dira.
Arazo horien konponbidea desazkunde turistikoaren bidetik baizik ezin da iritsi. Trantsizio ekonomiko eta sozial planifikatu bati ekin behar diogu, gure hiri-eredua birdefinituko duena eta bizigarriagoa, iraunkorragoa eta bidezkoagoa egingo duena. Ezin dugu jarraitu turismoaren alde egiten motor ekonomiko nagusi gisa. Premiazkoa da ekonomia dibertsifikatzea, ingurumena babestea, pertsona guztien eskubideak bermatzea eta komunitate-sareak indartzea. Horregatik, auzoz auzo eta arloz arlo borrokan ari garen talde, elkarte eta plataformetan antolatzera animatzen ditugu donostiarrak, mugarik gabeko turistifikazioari aurre egiteko. Eta datozen asteetan egingo ditugun deialdietan parte hartzeko deia egiten dugu, turistifikazioarekin arriskuan gaudela agerian uzteko eta Donostiako herritarren gehiengoaren iritzia entzunarazteko.
Nerea Arregi Topas
Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma