Webgunea sortu du Euskal Herriko eta kanpoko bisitarientzat. Turismo masifikatutik aldendu eta turismo bizia proposatu dute.
Jendeak jendea erakartzea nahiko lukete. Azpeitiak eskaini dezakeen onena azpeitiarrak direla diote. Euskaraz bizi den, eta hizkuntza horren inguruko kultura erdigunean duen herritarra oinarrian jarri dute. Biztanle kopuru horretako (15.000 inguru) Euskal Herriko herririk euskaldunena da.
Herri bizia dela azpimarratu dute, ospatzen dakiena, lana egiten dakiena. Horregatik, turismo bizia terminoa erabiltzea gustuko dute.
Jendea herrira erakartzeko webgunean “Zatoz onera, zatoz Azpeitira” bideoa ikus daiteke. Azpeitiarren testigantzak biltzen dira lan horretan. “Azpeitia gogoangarri” atalean herriko toki, pertsona eta gertakari historikoei buruzko edukiak daude. Horrez gain, ibilbideak, jateko eta lo egiteko ostatuak, fototeka eta oinarrizko zerbitzuak begiratu daitezke.
Azpeitia esperientzia pilotua izatea nahiko lukete. Eredua UEMA osatzen duten herrietara molda liteke eta ondoren Euskal Herriko gainerako herrietara zabaldu.