argia.eus
INPRIMATU
Turismoa, gazteria eta erronka sozialak Donostian

Maider Uralde 2024ko uztailaren 05

Azken urteotan, turismoa finkatu egin da hainbat hiritako diru-sarreren iturri eta hiri-bilakaeraren eragile nagusi gisa. Hala ere, fenomeno horrek eztabaida biziak sortu ditu tokiko komunitateetan duen eraginari buruz. Donostia da horren adibide. Eustaten arabera, 2023an 181.769 biztanle zeuden, eta hiriak hazkunde nabarmena izan du turista kopuruan: 722.276 turista 2021ean, 840.494 2022an eta 960.282 turista 2023an. Aurreko udan Espainiako Estatuko hazkunde turistiko handiena izan zuten hirien artean dago Donostia.

Duela urte batzuetatik hona, Donostiako herritarrak kezkatuta agertu dira hiri-garapenaren ereduarekin, eta herritarrei mesede egingo dieten aldaketak eskatu dituzte. Hala eta guztiz ere, orain arte ezarritako neurriak ez dira nahikoak, turisten kopuruak gora egiten jarraitzen baitu, eta goi-denboraldietatik haratago hedatzen.

2023-2027 Turismo Plan Zuzentzaile berriak turismo "iraunkorraren" ikuspegia sustatzen du, eta ez du lortu turismo-sektorearen kontrolik gabeko hazkundea geldiaraztea. Hirian goraka jarraitzen du auzo guztietako etxebizitza turistikoen presentziak, hotelen ugaritzeak, saturazio-sentsazio orokortuak, edo proiektu milioidunen gauzatzeak, hala nola itsasoko lehen lerrorainoko Metroa, Arte Ederrak hotel bilakatzea edo Basque Culinary Center, aurrekontu publikotik 24 milioi eurorekin finantzatua; herritarrontzat, aldiz, pisu batek batez beste 405.000 euro balio izan zuen 2023an.

Erronka da turismo eredu benetan jasangarria aurkitzea, desazkundean oinarritua, inklusiboa eta hiriko biztanle guztientzat onurak ekarriko dituena

Egoera horren aurrean, galdera hau sortzen da: zer iritzi dute gazteek hiriaren egungo turismo-ereduari buruz? Egia bada ere erakundeen irakurketa positiboa dela, 2023an BPG osoaren %13,9 sortu zuela aipatuz (1.065 milioi euro eta 15.000 enplegu baino gehiago), gazteen pertzepzioa oso bestelakoa da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei egindako inkesta batean, %94k uste zuen hiria gainezka zegoela, eta %26k bakarrik egin zuen balorazio positiboa. Balorazio positibo hori egiten duten gazteak nagusiki turismo-sektorean lan egiten dutenak dira, baina ez ostalaritzan. Gainera, inkestatuen %90ek uste du turismoaren ondorioak negatiboak direla gazteentzat.

Hala, beren bizi-kalitatean eragina duten hainbat alderdi kritiko aipatzen dituzte: lan-prekaritatea eta soldata baxuak, auzoetako nortasun-galera, komunitatearen eta kide izatearen sentimendua desegitea, kulturaren merkantilizazioa, espazio publikoen pribatizazioa eta elitizazioa, edo epe luzerako alokairu-eskaintza urria, etxebizitza eskuratzea are gehiago zailtzen duena.

Enplegua eta etxebizitza dira hiriko gazteentzat erronka nagusiak. Gainera, hiriko aisia-eskaintza eta bizi-kalitatea hobetzea eskatzen dute. Auzo guztietan komunitate-giroa indartzeko beharra adierazten dute, norbanako aktibo gisa garatzeko gune autogestionatuak izatea, ongizate fisikoa eta psikologikoa sustatzea eta gazteek eta gazteentzat zuzendutako ekitaldiak antolatzea. Gainera, prezio merkeak eskatzen dituzte ostalaritzan, zinemetan eta aisialdiko beste leku batzuetan, baita informazioa eta dirulaguntzak ere.

Laburbilduz, jarduera turistikoak Donostian diru-sarrera handiak sortzen baditu ere, funtsezkoa da gazteen eskaerei erantzutea eta hiri-garapena tokiko komunitatearen ongizatearekin orekatzea. Erronka da turismo eredu benetan jasangarria aurkitzea, desazkundean oinarritua, inklusiboa eta hiriko biztanle guztientzat onurak ekarriko dituena.

Maider Uralde, soziologoa