argia.eus
INPRIMATU
Irrikitaldia 2017 kronika
Turismoa eta tasak, Piraten Irrikitaldiaren jo puntu
  • Beste urte batez, Donostiako Piratek festa antolatzaileak baina zerbait gehiago direla erakutsi dute. Kritika politiko irudimentsua egin diote Irrikitaldian Udalari eta dakarren hiri ereduari.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 21a

Eneko Goia alkateak aurtengo Korrikan egindako hanka sartzearekin hasi da parodia. Lekukoa hartu behar zuenean geldirik geratu eta ihes egin zion joan den martxoan. Sare sozialetan burla andana jaso ostean, Irrikitaldiko eszena barregarrienetako bat bihurtu dute momentua. Bulebarreko kioskotik lekukoaren atzetik ibili da Goia, alkatearen zaindariek atxilotu eta bere ondora eraman duten arte.

Turismoaren Goia saria banatzeko bozketa egin da eta aho batez eman diote Ernesto Gascori. Bere buruari eskerrak eman dizkio, “hiriaren hurrengo alkateak”, hoteletako logeletako zerbitzuen aipamen lotsagarria eginez.

Ohiko paseilloa egin dute jarraian, Kale Nagusian zehar elizaraino, eta ohikoa den eran ere, mozorroetako pertsonaiek beren ekimenak egin dituzte ere. “Mujeres por la vida” alderdi politikoa sortu dute hainbat gaztek, abortuaren kontrako eta bizitzaren aldeko oihuekin paseoa betez. Ez dituzte urruti izan Hazte Oir plataforma ultrakatolikoko kideak, “Que no te engañen” autobus transfoboarekin. Higiezin agentzia bat izan da ere, izkina guztiak saltzen. 1928ko olinpiadetako kirolariek ere erakustaldia egin dute.

Kale Nagusian, turistentzako checkpointa jarri dute. Dirudunak alde batera eta behartsuak bestera. Egon da “tourist welcome, local go home” oihukatu duenik ere. Uda honetan turismo masiboaren gaia da nagusi Alde Zaharrean, eta Piraten kritika gehienak gaiarekin lotuta izan dira.

Eliza atarira iristean hasi da irrien ekitaldia eta Goia alkateak ekitaldia ireki du Munillari hitza emanez. Munillaren benetako esaldi homofobia eta sexistekin osatu dute hitzartzea; errealitateak fikzioa gainditzen duen une horietako. Piraten “rolloaren kultura” salatu du, homosexualen jarrera “desordenatua” eta emakumeek hilerokoa dutenean “garbitzea gustatzen zaiela”. Amaitzeko keinu bat egin dio elizaren sexu abusuen gaiari, aurten Alde Zaharreko apaiz pederastaren kasua oroituz.

Summa aldapetako umezurtzek zozketa egin dute eta hainbat hotel eta obra publikoren lizitazioak banatu dituzte Gascok eta Goiak. 20 Hotel berri eraikitzeko baimena kritikatu dute honela Piratek. Atzean pankarta erraldoia zabaldu dute: Donostia ez dago salgai, oparitu egiten da.

Fermin Muguruza ere izan da ekitaldian. Goiak aurten Adarra Saria eman zionean egindako kritikak gogoratzeko momentua izan da. “Hurrengo urtean ondo pentsatu beharko dugu nori eman” esan dio alkateak Gascori.

Jaurlaritzak Piratei inposatu dizkien tasak salatu dituzte ere, “Piratarik gabeko, bainurik gabeko eta bertakorik gabeko kaia nahi dugu”.

Amaitzeko, eskuin ukabila altxatuta, donostiarren ereserkia abestuz amaiera eman diote ekitaldiari: txuri-urdin maitea. Ekitaldiaren amaierarekin inor ez da etxera joan, ordea. Bi txarangen erritmora, Alde Zaharrean barrena jarraitu du 500dik gora lagunek osatutako performanceak, Piraten egun irudimentsu eta dibertigarrienean.

Irutxuloko Hitza-k egindako bideoa.