argia.eus
INPRIMATU
Turismoa Espainian: arrakasta langileen miseriaren bizkar
  • Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko lehendakariak “harro” adierazi du EBko bilera batean turismoaren datuak “historikoak” direla eta Espainia jada nazioarteko bigarren helmugarik gogokoena dela mundu osoko turistentzat. Iaz 82 milioi turistek bisitatu zuten Espainia, duela bi urte baino %6 gehiago. Datuok, ordea, ez dute merkatuaren alde iluna azaltzen: 2017an sinatutako kontratuen %97 prekarioak dira. Langileen lan baldintzak “negargarriak” direla adierazi dute sindikatuek eta ez dagoela pozik egoteko arrazoirik.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 15a

Txanponaren A aldea erakusten dute Espainiako Gobernuak zein Turismoaren patronalak emandako datuek: turismoari lotutako enpresek %6,9 egin dute gora eta hotelen eraikuntzan eginiko inbertsioek, berriz, %79. Horietatik %60 nazioarteko inbertitzaileak izan dira. Alde horren onuradunak oso pozik agertu dira urte amaieran eginiko balorazio txostenetan, batez ere “turismoa krisi ekonomikotik ateratzeko motorra bilakatu delako”.

Txanponaren beste aldean, aldiz, langileak daude: sindikatuek jakinarazi dutenez, 2017an sinatutako kontratuen %97 prekarioak izan ziren. Hau da, azaroa bitarte sinatutako ia 4 milioi kontratuetatik 1.776.880 astebete baino gutxiagoko iraupenekoak ziren (%45,2). Bi aste baino gehiagoko lanak kontratuen %48 osatzen dute. Dena dela, gehienak ez dira 1.000 euroko soldata izatera iristen eta lan baldintzak “tamalgarriak” dira sindikatuek jakinarazi dutenez. Eldiario.es atariak jaso duen adibidea oso adierazgarria da: Madrileko hotel garbitzaile batek hilabetean 400 logela txukundu behar ditu 800 euroko soldata izateko.

2017ko azken lau hilekokoak dira eskura dauden datu eguneratuenak: 2.660.915 pertsona zeuden turismoaren sektorean lanean, 2016ko datuekin alderatuta %3,3 gehiago. Horietatik 1.749.255 pertsona ostalaritzan zegoen lanean, erdia baino gehiago. Sindikatuek salatu dute langileen soldatak ez direla igo 2014az geroztik eta datuak hain onak badira, banaketa ere guztientzat izan behar dela.