argia.eus
INPRIMATU
Portugalgo Gobernuak ere mugak jarri dizkie pisu turistikoei
  • Portugalek jasaten duen etxebizitza-krisiari aurre egiteko, inbertsioen truke bizileku-baimena ematen duen "Golden Visa" erregimena bertan behera utzi du gobernuak, eta indarrean daudenei aldizkako ebaluazioak egingo dizkie. Hala, turismoak etxebizitzen arloan eragiten dituen arazoei aurre egiteko, pisu turistikoei muga jartzeko neurria zabaltzen ari da, Balear Uharteak edo Amsterdamen kasu.

     

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 17a
Argazkia: Diego Delso

Antonio Costaren exekutiboak bertan behera utzi du inbertsioen truke bizileku-baimena ematen duen "Golden Visa" erregimena, eta debekatu egin ditu turismo-pisuetarako lizentzia berriak, jenderik ez den landa eremuetan izan ezik.

Portugalek jasaten duen etxebizitza-krisiari aurre egiteko ostegunean ministro-kontseiluan onartutako plan baten zati dira bi neurriak. Plan horren ardatzetako bat "higiezinen espekulazioari aurre egitea" dela esan du Antonio Costa lehen ministroak.

Beraz, herrialdeak dagoeneko ez du "Golden Visa" gehiago emango, 2012az geroztik higiezinen erosketaren, inbertsio handien edo "lanpostuak sortzearen" truke esleitzen ziren inbertitzaileentzat.

Dagoeneko onartuta dauden bisatuei dagokienez, inbertitzailearentzat edo haren ondorengoentzat etxebizitza iraunkorra bada inbertsioa edo etxea "modu iraunkorrean" alokatzen badira soilik berrituko direla adierazi du Costak.

2012an programa sortu zenetik, Portugalek 11.535 egoitza-baimen eman ditu "Visto Gold" delakoekin. Horrek, 6.754 milioi euroko inbertsioa ekarri diote Portugalgo ekonomiari.

Etxebizitza turistikoei mugak

Ostegun honetan onartutako beste neurri batzuen , "tokiko ostatua" (AirBnb eta antzekoak) izeneko etxebizitza turistikoen eskaintza hobeto kontrolatu nahi dute, alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko.

Lehen ministroak azaldu duenez, Gobernuak lizentzia berriak ematea debekatuko du, barnealdeko udalerrietan "hirigintzako presiorik ez duten eta ekonomia finantzatzeko faktore garrantzitsuak" izan daitezkeen landa eremutan izan ezik.

Emandako lizentziak 2030ean berrikusiko dira eta, ordutik aurrera, aldizkako ebaluazioak egingo dira bost urtean behin. Ostatu horien jabeek aparteko tasa ordaindu beharko dute, etxebizitza-politikak finantzatzeko, eta onura fiskalak ere izango dituzte 2024ra arte beren etxebizitza turistikoa etxebizitza alokatzeko merkatura pasatzen dutenentzat.

Tokiko ostatuak "hiriak dinamizatzeko eta enplegua sortzeko ahalmen handia izan zuela" aitortu du Costak. Gaineratu du ez duela uste neurri honek turismoaren sektorean eragina izan dezakeenik, herrialdeko motor ekonomikoetako bat den heinean: "Ezin dugu urrezko arrautzen oiloa hil".

Beste neurri batzuk

Etxebizitza-eskaintza handitzeko gobernuak beste neurri batzuk onartu ditu, hala nola zerbitzuen edo merkataritzaren lursailen eta eraikinen erabilera aldatzea. Gainera, estatuak lursailak edo eraikinak utziko dizkie kooperatibei eta sektore pribatuko erakundeei, etxebizitza kostu eskuragarrietan gara dezaten.

Alokairua sustatzeko, Portugalgo estatuak eskuragarri dauden etxebizitzak merkatuko prezioan alokatzea eskaintzen du bost urtez, eta jabearen arriskua bere gain hartzen du. Lehendik dauden alokairuak, gutxienez hiru hilabeteko epean ordaintzen ez bada, bere gain hartuko ditu eta maizterraren egoera konpontzen saiatuko da arazo sozialik baldin badago edo, hala badagokio, etxea utzarazteaz arduratuko da.