argia.eus
INPRIMATU
Turismoaren olatu berria Gipuzkoan: Donostian 20 hotel eraikitzera doaz
  • 2019rako Donostian 20 hotel berri martxan izango dira eta 2.000 turista gehiagorentzako lekua eskainiko dute. Obra batzuk hasita daude jada.

Axier Lopez @axierL 2017ko apirilaren 21
Donostiako Gipuzkoa Plazako hoteleko lanetan egindako margoketa abenduan. Arg: Lander Aberlaitz

Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak eskainitako datuen arabera, egun Gipuzkoan dauden 5.200 oheren eskaintza 2019ko hasierarako 7.200 izatea da helburua. Tolosan eta Hondarribian hotel bana ari dira eraikitzen, baina hedapen horren eraginik handiena hiriburuak biziko du: Donostian 20 hotel berri eraikitzeko lizentziak banatu dituzte. Adibidez, Portxuetxe inguruan 151 gela dituen hotela aurreikusita dago eta Amaran, Espainiako Poliziaren egoitza zen eraikinean 100 gela inguruko eskaintza izango da. 20 hotel horietako batzuk eraikitzen ari dira jada.

Hotelen eskaintzari gehitu behar zaio azken aldion polemika piztu duten etxebizitza turistikoena –jabeek legearen aurrean ez aitortzeagatik–. Erabilera Turistikorako Etxebizitzen Euskadiko Elkarteak emandako datuen arabera, Gipuzkoan 1.500 bat etxebizitza daude alokagai, horietatik 1.300 Donostian. Horiek 7.000 turistentzako lekua osatzen dute.

Alokairuen prezioen igoera, gentrifikazioa, garestitze orokorra, lan prekarioa, auto-pilaketak...

Alokairuen prezioa %22 igo zen2016an Donostian, Idealista atariak urtero egiten duen azterketaren arabera. Errentagarritasun ekonomiko handiagoa lortzen da erosteko ahalmen handiagoa duten turistei etxebizitzak alokatuz, eta beraz Donostian alokatzeko zeuden etxebizitza “arrunten” kopurua murriztu egin da, eta beren prezioa igo. Adibidez, Kontxara begira dagoen etxebizitza batean gaua emateagatik 1.000 euro eskatzen dituzte.

Erdigunea denez turistentzako lekurik erakargarriena ia hiri eta herri guztietan, erdigunean bizi diren herritarrak dira kaltetuenak. Prezioen igoera eta bizitzaren garestitzea erdigunean nabaritzen da gehien, bereziki etxebizitzen salneurriari dagokionez. Eta horrek eragiten du erdigunean jaiotakoek periferiako auzo eta herrietara bizitzera joan behar izatea: gentrifikazioa. Bartzelona, Marsella, Venezia edo Madrilen azken hamarkadan milaka lagun bizilekuz aldatzera behartu dituzten faktore eta prozesu berberak Donostian ikusten hasi dira.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Francesc Muñozek turismo masiboaren eragin orokor horiei beste hauek gehitzen dizkio: espazioen gain-okupatzea, komertzioaren homogeneizazioa, hiri-paisaiaren banalizazioa eta herritarrak etxean arrotz sentitzea.

Aste Santua, datorrenaren lagina

Turismoaren Igoera orokorra izan da hegoaldeko lau herrialdeetan Aste Santuko oporraldian. Donostia, Bermeoko Gaztelugatxe, Zumaia edo Elizondoko kale eta parajeak goraino beteta ikusteak kezka eragin du herritar askorengan. Hona, bi adibide. Gaztelugatxe jendez mukuru eta turismo masiboaren aurka Zumaian agertutako margoketak.

Albiste hau zabaltzean Donostian agertutako margoketa batzuen berri eman digute: