argia.eus
INPRIMATU
“Turismo masiboaren itzulerak esplotazio eta prekarizazio prozesuak larriagotu ditu”
  • Turismo masiboak kalte nabarmenak eragiten dituela eta administrazioak turismoaren bueltako enpresetara baliabide publiko ugari bideratzen dituela salatzeko baliatu du Turismoaren Nazioarteko Eguna SET sareak. Hainbat eskakizun egin dizkie instituzioei.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 27a
Artxiboko argazkia.

“World Tourism Day = Collapse Tourism Day” lelopean, turismoari lotutako ikuspegi kritikoa zabaltzeko baliatuko du astearte hau turistifikazioari aurre egin nahi dion Europako hegoaldeko hirien sareak (SET). 2018an sortu zen, Donostia, Venezia, Sevilla, Lisboa, Malta, Madril, Girona, Kordoba eta beste hainbat herrik sustatuta. Ordutik, hainbat dira sarera batzen joan diren lurraldeak.

“Tokiko administrazioek eta estatu-gobernuek baliabide publiko ugari bideratu dituzte turismoan aritzen diren enpresetara (ostatua eta garraioa), nahiz eta horietako askok milioika euroko etekinak dituzten multinazional handiak izan, kalte sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak eragiten dituztenak”, salatu dute. Kudeaketa pribatuaren pean dagoen hiri-espazioaren hazkundeak –pandemiarekin are leku gehiago hartzen bukatu duten tabernetako terrazak kasu– “hiri-espazioaren merkantilizazioan eta eguneroko bizi-baldintzetan” eragiten du.

Pandemiaren ostean, uda honetan turismo masiboa itzuli dela gogoratu dute, eta harekin etorri direla “populazioaren esplotazio eta prekarizazio prozesuak”.

Salaketaz gain, instituzioei hainbat eskaera egiteko baliatu dute Turismoaren Nazioarteko Egun hau: portu eta aireportuetako turismo- eta bidaiari-plazen kopurua murrizteko eta mugatzeko benetako konpromisoak; portu eta aireportuetako azpiegituren handitze oro behin betiko gelditzea; klima-aldaketarekiko benetako konpromisoa; desplazamenduen murrizketa eta ekoizpena lurraldean birkokatzea; gentrifikazioaren, espazioen merkantilizazioaren eta bizilagunak kanporatzearen aurkako politika aktiboak; lurraldeetan oreka ekonomikoa bilatzeko konpromisoa.