Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXVI. asteko ikusleen arabera aurtengo film luzerik onena Anouk Whissellek, François Simardek eta Yoann Karl Whissellek zuzenduriko Turbo Kid izan da.
Beldurra eta komedia uztartzen dituen "itxura postapokaliptikoko" film hau dibertigarri, erromantiko eta robotiko gisa definitu du ekitaldiaren webgune ofizialak. Urte hasieran aurkeztu zenetik harrera ona izan du, Sundanceko jaialdian ere saritua izan baitzen.
Ikusleen gainontzeko sariei dagokienez, film labur onenaren saria Méryl Fortunat-Rossi eta Xavier Seronek ekoizturiko L’ours noirek jaso du, animaziozko film labur onenarena Maurice Huvelin frantziarraren Bighorrori eman diote, eta Angel Valeraren Pesanta hautatu dute Espainiako film labur onena lez.
Epaimahaiak, bere aldetik, bi sari banatu ditu: film labur onenaren saria eta "Zilarrezko Melies" saria Europako film labur onenari. Irabazleak David E. Munz-Maireren Chateau Sauvignon: Terroir eta Martin Åhlinen Infringe izan dira hurrenez hurren.