Tupust!, euskaraz eta ikuspuntu feministatik lan egiten duen kolektiboaren bigarren komikia labean da jada. Aurrenekoa "ni"-aren ingurukoa bazen, bigarrenak "zu" gaia lantzen du. Aurresalmentan izango da irailaren 30era arte.
Komikigile eta ilustratzaileen kolektiboa 2016an sortu zen Donostian, eta 2019an publikatu zuen Tupust! komiki bildumaren lehenbiziko zenbakia, Txalaparta argitaletxearekin.
Bigarren libururako autoedizioaren aldeko apustua egin dute, eta bide horretan aurresalmentari ekin diote jada. Instagramen (@tupustaldea) edota Tupust.bigcartel.com webgunean dago eskuragarri. Lehenbiziko 200 salmentek Risografía posterra eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak sinatutako A5 tamainako lamina ere jasoko dituzte.
Antologia hau "ohikotik harago" doan liburua dela nabarmendu du Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, "merkatuan dagoen gehiena gizonek egindako lanak" direlako. Halaxe azaldu dio Berriako kazetari Amaia Igartuari: "Beste hainbat arlotan bezala, komikia egiten duten emakumeak beti egon dira. Gauza da plazan ez zaiela tokirik egin ahots horiei, eta badela garaia izan dezaten. (...) Ez dut esan nahi gizonek egindako dena berdina denik, baina estilo jakin batzuk nagusitzen dira. Guk beste iturri batzuetatik edaten dugu, eta hori dela eta, beste era bateko proposamenak dira gureak, gai, narrazio mota eta estetika aldetik".
Dena den, iruditzen zaio argitaletxeak apustu handiagoa egiten ari direla emakumeen komikiekin, eta sektorea "pixkanaka hobetzen ari dela".
21 sortzaileren 17 lan bilduko ditu bigarren liburuak.