argia.eus
INPRIMATU
“Tuperrada” egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jantokien egoera salatzeko
  • Jantokiak itxita edota edukiera mugatuarekin daudenez, guraso langileek ez dakite haurrak non utzi. Egoera konpontzeko esku hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

     

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 23a
Tupperrada egin dute Lakuaren aurrean. (Argazkia: Steilas)

Gasteizko hainbat ikastetxetako familiek 'tuperrada' egin dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Elkarretaratzean, gurasoek protesta egin dute eskola-jantokien egoera salatzeko.

Hainbat ikastetxek jantokiko ateak ez zabaltzea erabaki dute, eta beste zenbaitetan, aldiz, ez daude behar adina plaza. Ikastetxeek salatu dutenez “ezinezkoa Hezkuntzako araudia egungo langileekin betetzea”. Eta Eusko Jaurlaritzak ez du aurrekontu handiagorik jarri ordea zerbitzu hori behar bezala betetzeko.

Araudiak zehazten duenez, ahalik eta harreman gutxien izan behar da bizikidetza-taldeen artean, 1,5 metroko distantzia gorde behar litzateke gutxienez. Hori jantokietan betetzea zaila da, mahaietako espazio asko baliogabetuta geratzen baitira. Kasu askotan, jantokiko espazioa ia osorik zegoen joan den ikasturtean. Eta ikastetxean bertan beste aukera bat aurkitzea ez da hain erraza. Espazioak erabilera desberdinetarako erabil daitezke, baina erabilera baten eta bestearen artean desinfektatu beharko lirateke; jateko denbora mugatua da ordea.

Hezkuntza Sailak eskatu du jantokiaren erabilerarako bekadunek lehentasuna izatea. Baina ikasle horiek jantokietan geratzen diren guztien zati txiki bat baino ez dira. Eskolako jantokirik gabe, familia askok ez dakite zer egin seme-alabekin, eta irtenbide bat bilatu beharrean dira: lanetik irtetea edo arreta emango dien norbait lortzea.