argia.eus
INPRIMATU
Tunel-ikusmena informazioaren aroan

Mikel Aramendi 2023ko azaroaren 28a

Albiste-monolaborea batere ohikoa ez duen herrialdea da India/Bharat, baina duela bi astez geroztik gertaera bati begirik kendu gabe dagoela esatea ez da esajerazioa. Ezta bereziki harrigarria ere bere ezohikotasunean, halakoa delako gorabeheraren soslai humanitarioa. 

Azaroaren 12an, igandez, egunsentian, Uttarakhand estatu ipartarreko Silkyara Band eta Barkot artean 134. Errepide Nazionala laburtu eta errazteko eraikitzen ari diren 4,5 kilometroko tunelaren zati potolo bat, 65 metrokoa edo, erori egin zen, tunel-lanek egun duten sarbide bakarretik 200 bat metrotara. Harri-jauziak ez zuen inor azpian hartu, baina 41 langile utzi zituen barnean harrapatuta barruan. Haiek erreskatatzeko lanak, hasiera batean horren zailak ez zirela izango ziruditenak, katramilatzen joan dira eta, bizirik ez ezik onik eta oinarrizko baliabideak (airea, argindarra, ura eta elikagaiak) helarazten zaizkien arren, hamasei egun eman behar izan dituzte harrapatuta

Erreskate-lanak katramilatu eta luzatu ahala, harrapatuta daudenen familiartekoen hersturarekin batera, iritzi publikoaren –zati baten bederen– haserrea ere oldartu egin da. Agian ez horrenbeste erreskatearen moteltasunagatik (baldintza makurretan ari dira lanean: 1.700 metroko altueran dago tunela, errepide deabrutu batetik etorri behar du sorospenak, tunel-hondeagailua hautsi egin zaie…), baizik lehendik lanek eta langileek zituzten baldintza taxugabeengatik. 

Baina ez da horretan agortzen kritika, proiektuaren beraren nondik norakoak eta egokitasuna ere hizpide bihurtu baitira. Ingurumen kaltebera batean ari dira tunela eraikitzen, eta obraren xedea da Himalaian barnerago geratzen diren hainbat saindutegi hinduetarainoko irispidea erosotzea, Narendra Modi lehen ministroaren agenda politikoaren esanera. Hauteskundeetarako sei hilabete falta direnean, gertakaria ez da hutsala. Eta arreta egundokoa izaten ari da bertako hedabideetan. 

Urrutiago gaudenontzat, noski, ez luke horrenbesteko erakarmenik albisteak. Baina memoriak ezarian gogorarazten digu Thailandiako Tham Luang koban 2018an hamazazpi egunez harrapatuta egon ziren gaztetxoen kasua, mundu osoan albiste izan zena. Eta batez ere, kidetasunagatik, 2010ean, Txileko Copiapóko San José ustiategiko 33 meatzari bi hilabete baino gehiagoan lurpean egonarazi zituena, eta haien erreskatea mundu-mailako ikuskizun bihurtu zena. 

Indiako kasu honetan, ez da halakorik inondik ere. Albistea, apenas ezagutu da gure artean. Bertako gobernuak ere hala nahiago duelako? Indian gertatzen delako? Aurreragokoak baditugulako? 

Informazioan ere bada tunel-ikusmena nonbait.