argia.eus
INPRIMATU
Tubos Reunidoseko enpresariek langileak salatu dituzte kaleratze masiboaren aurka “oldarkor” jokatu dutelakoan
  • Tubos Reunidosek salaketa aurkeztu du Productos Tubulareseko langileen aurka, “desordena publikoa, irainak eta mehatxuak” argudiatuta, ostegun goizean Bilboko egoitzaren parean izandako istiluen harira.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 06a
Productos Tubulareseko langileak protestan, ostegunean (Arg: LAB)

Martxoaren 8tik greba mugagabean, Trapagarango Productos Tubulareseko langile-batzordea asteazken honetan bildu da zuzendaritzarekin eta azken honek bere asmoak jakinarazi dizkie. 430 langileko enpresan, 157 kaleratu nahi dituzte. Geldituko diren beharginei soldata %25 murriztea eta urtean lanorduak 1.680tik 1.704ra igotzea planteatu du zuzendaritzak.

Productos Tubulareseko langileak haserre agertu dira zuzendaritzako erabakiekin, eta elkarretaratzea egin dute ostegun goizean, Tubos Reuinidosen Bilboko egoitzaren parean. Manifestari batzuk erakinera sartzea lortu dute, eta zuzendaritzako bulegoen ateetaraino hurbildu dira. Tubos Reunidosek salatu duenez, “mehatxuak eta irainak” oihukatu dituzte, eta jarrera “oldarkorra” izan dute.

Larunbatean langileek manifestazioa egingo dute Sestaon, Productos Tubularesentzat materiala ekoizten duten enpresa baten parean.