argia.eus
INPRIMATU
Tubos Reunidosek 115 milioi euroko erreskatea eskatu dio Espainiako Gobernuari
  • Tubos Reunidos enpresak 115 milioi euro eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, parte hartzen ari den proiektuen erdia pandemiaren ondorioz galdu ostean. Bere ekoizpena %80 jaitsi da, eta erreskatea eskatzen duen lehen euskal enpresa da.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2021eko urtarrilaren 11
Tubos Reunidos enpresako lantegi nagusietako bat Amurrion dago. / Google maps.

Iaz Espainiako Gobernuak martxan jarritako Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Laguntzeko Funtsari erreskatea eskatu dion lehen euskal enpresa bihurtu da Tubos Reunidos talde arabarra; baita burtsan kotizatzen duen lehen enpresa ere.

Izan ere, 115 milioi euroko mailegua eskatu du, bi tartetan: alde batetik, parte-hartzailea, 100 milioi euro ingurukoa, eta, bestetik, arrunta, gainerako 15 milioi euroena. Erreskatearen helburua enpresaren 2021-2024 Plan Estrategikoan zehaztutako helburuak betetzea izango da.

Enpresak argudiatu duenez, pandemiaren ondorioz, hitzartutako proiektuen %50 baino gehiago aldi baterako gelditu dira, baita proiektuen helmugako herrialdeetako kontratazio berriak ere; azken horietara bideratzen du ekoizpenaren %80 baino gehiago.

Enpresa estrategikoa

Tubos Reunidos taldeak Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia) ditu lantegi nagusiak; 1.400 langile inguru daude bi planta horietan. Gainera, beste lantegi bat du Langraiz Okan, TRPT, premium hodietan espezializatua.

Hala ere, galerak izan ditu 2015etik, eta, 2020ari dagokionez, irailera arte 59,3 milioi euroko galerak pilatu ditu. Une honetan, jardueraren beherakada dela eta, ABLEE egoeran daude; 686 langileri eragiten dien bigarren espedientea azaroaren 1ean sartu zen indarrean, eta zortzi hilabeteko iraupena izango du. Dena den, Francisco Irazusta enpresako presidenteak argitu du ez dutela langileak kaleratzeko asmorik. 

Enpresa estrategikoa dela azpimarratu du zuzendaritzak "enpleguaren traktore gisa eredu jasangarriago eta digitalago baterantz, eta merkatu estrategiko berrietan presentzia izanik". Horrez gain, trantsizio energetikoko industria proiektuetarako "giltzarri" bezala aurkeztu du bere burua.

Funtsaren laguntzak eskatzen dituzten enpresek bideragarritasun-plan bat aurkeztu behar dute, eta pandemiaren aurretik kaudimendunak zirela frogatu behar dute. Hortaz, Estatuak SEPIren bitartez ikuskatuko du enpresa.