Tubacexeko langile batzordeak ez du onartu Eusko Jaurlaritzak egindako proposamen berria, derrigorrezko kaleratzeak eta doikuntza ekonomikoak ezartzen dituelako.
Irailaren 20an egindako bileran Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu saileko ordezkariak Tubacexeko lan-gatazka amaitzeko proposamena luzatu zien zuzendaritzari eta langile batzordeari. Egun batzuk geroago, ostegun honetan, beste bilera bat egin dute hiru aldeek, proposamen horretan sakontzeko, baina langileek salatu dutenez, hasierako proposamena aldatu egin du Jaurlaritzak.
“Derrigorrezko kaleratzeak eta 2021ean doikuntza ekonomikoak egoteko aukera sartu ditu, hasierako proposamenean epealdi hori aurreikusita ez zegoen arren”, dio batzordearen oharrak. Hala, euren ustez, Jaurlaritzak “amore eman du enpresaren presioen aurrean eta horrek garamatza proposamena ez onartzera”.
Tubacexeko langileek 225 egun daramatzate greban, kaleratzeak eragotzi eta euren lanpostuen defentsan. Enpresa multinazionaleko zuzendaritzak, beste behin adierazi du saiatu dela derrigorrezko kaleratzeen kopurua murrizten, hasierako 129tik 95era. Baina aldi berean, lanean geratzen diren langileei ordu gehiago sartzea exijitu die, hau da, lanpostuen murrizketa hori euren gain hartzea.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren arabera, Tubacexeko kaleratzeak legez kanpokoak dira, baina hala ere enpresak lanera bueltatzea debekatu die eta helegitea jarri dio epaiari. Testuinguru horretan, eta langileek protestetan izandako jazarpen polizialaren ondoren, etorri da negoziazio aukera berria.
“Tunelaren beste aldean argia ikusten hasiak ginenean, ez dute irtenbiderik nahi”, salatu dute langileek. ELA sindikatuaren esanetan, gatazka konpontzeko aukera “alferrik galdu” du enpresak oraingoan.