argia.eus
INPRIMATU
Tubacexeko zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen gehiengoaren arteko akordioa balioztatu dute epaileek
  • Epaitegiek ontzat jo dute ELAk, CCOOk eta Independenteek babestutako akordioa Tubacexeko zuzendaritzarekin eta, ondorioz, Auzitegi Goreneko helegitea ere bertan behera geratu da.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2021eko abenduaren 15
Argazkia: Aiaraldea.eus

Urriaren hasieran sinatu zuten akordioa Tubacex konpainiako zuzendaritzak eta enpresa batzordeko sindikatu gehienek (hau da, ELAk, CCOOk eta Independenteek). Adostasunak amaiera eman zion 236 eguneko grebari eta apurka-apurka (Aldi Baterako Lana Erregulatzeko Espedientea indarrean dago oraindik), behargin gehienak itzuli dira lanera.

Edonola ere, akordioa ez da indarrean sartu asteartera arte. Azkenean, epaileek balioztatu dituzte borondatezko bajak, aurretik erretiratu nahi duten langileen eskaerak eta berriro onartuak izango diren beharginen kasuak. Horrez gain, Tubacexeko zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaien kontra aurkeztutako helegitea ere bertan behera geratu da.

Bi hilabete baino gehiagoren ostean, hortaz, ofizialki amaitutzat jo daiteke lan gatazka, otsailean hasi zena zuzendaritzak 129 kaleratze planteatu zituenean. Akordioaren atzerapenaren arrazoia izan da EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituela enpresaren kaleratzeak eta, sindikatu guztiek ez zutenez akordioa sinatu (STATek eta LABek ez zuten babestu), beste modu batean "homologatu" behar zela.

Bi hilabete hauetan ezinegona sortu dute zenbait informaziok, zeintzuek iradokitzen zuten dokumentuak ez zuela izango baliorik, eta sindikatuek hori gezurtatu behar izan zuten

ELA sindikatuak positiboki baloratu du ebazpena, eta nabarmendu du garaipena “zortzi hilabetez greba egondako langileei esker” lortu dela. “Garaipen honek frogatzen du langileak ahalegin puntualak egiteko prest daudela, enpresan baja traumatikorik ez egotearen truke. Hori da hasieratik markatu genuen helburua eta lortu egin dugu”.

CCOOk ere bere iritzia zabaldu du afiliatuen artean eta, bide batez, azaldu du enpresak jakinarazi behar diela nola itzuliko diren langile guztiak beharrera hurrengo egunetan.