Segurtasun irizpideak betetzeak dakarren denbora lanalditik kanpo kokatu du zuzendaritzak. Sindikatuen arabera, modu horretan langileek 9 ordu baino gehiago igaroko dituzte fabrikan.
Gaur lanera itzuli behar izan dira Tubacexeko beharginak, Lan Ikuskaritzak segurtasun irizpideak betetzen direla ondorioztatu zuelako.
Zuzendaritzak protokolo berria osatu du, gaur bertan indarrean jarri dena. Enpresa Batzordeak jakinarazi du dokumentu hori hainbat bilera egin ostean garatu duela enpresak, eta sindikatuen hainbat ekarpen jasotzen dituela.
Zuzendaritzak bideo hau zabaldu du protokoloaren nondik norakoak azaltzeko:
9 ordu baino gehiago fabrikan
Hala ere, langileen ordezkariek nabarmendu dute protokoloak barnebiltzen dituen zenbait puntu zuzendaritza eta langileen arteko “aho bateko akordioa” galarazten dutela. “Oztopo nagusia lanaldian datza”, azaldu dute sindikatuek ohar baten bidez.
Euren ustez, zuzendaritzak egiten dituen txandakatze eta errelebo proposamenak langileak fabrikan 9 ordu baino gehiago egotea ekarriko luke, eta hori ez da bideragarria langile askok dituzten kontziliazio arazoekin.
Gauzak hala, eskaera argi bat egin dio Enpresa Batzordeak zuzendaritzari: errelebo bakoitzeko ordu kopurua 6ra jaistea, modu horretan lanaldiko beste bi orduak baliatu ahal izateko segurtasun irizpideetan zehaztuta neurriak betetzera.
Horrez gain, errelebo kopurua gutxitzeko eta asteburuetako “guardiako ordezkapenak” bermatzeko eskatu diote langileen ordezkariek enpresari, “koronabirus kasu positiboak direla eta egon daitezkeen bajei aurre egiteko”.
Baina, salatu dutenez, enpresak ez zituen aipatutako bi gauza horiek onartu, eta bertan behera utzi zituen negoziazioak.
"Ez konforme"
Arestian aipatu bezala, gaur jarri da indarrean zuzendaritzaren protokoloa, eta langile guztiei pasa diete, sinatu dezaten.
Langile batzuek “ez konforme” sinatu dute, eta zuzendaritzaren deia jaso dute gero, dokumentua sinatzen ez bazuten lanera joango ez zirela esanez.
Astelehen eguerdian bilduko da Langile Batzordea zuzendaritzarekin. Albistea eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala.