Prozesua atzerapenarekin egiten ari da bere ibilbidea. Zenbait oztopo topatu ostean -besteak beste, STATen ezezkoa akordioari oniritzia emateko-, dokumentazioa aurkeztu dute ados jarri ziren aldeek.
Tubacex enpresako grebari urriaren 4an amaiera eman zion akordioa gauzatzeko urrats garrantzitsua egin dute ostegunean, bereziki, kaleratutako langileak berriro itzuli, irteera boluntarioak onartu eta aurretik erretiratu nahi diren beharginen borondateari bide emateko.
Horretarako, ELA, CCOO eta Independenteak sindikatuek, enpresako zuzendaritzarekin batera, hainbat dokumentazio prestatu eta aurkeztu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Zerbitzu juridikoen B plana, STATen ezezkoaren ondoren
Hala ere, tramitazioa uste baino gehiago luzatzen ari da. Urriaren hasieran adostu zuten hiru sindikatuek eta zuzendaritzak greba amaitzea, baina akordioa ez zuten berretsi ez STAT ez LAB sindikatuen afiliazioek. Epaileek sindikatu guztien adostasuna exijitu dute.
Gauzak horrela, epaileek ez dute automatikoki onartu kaleratuen onarpena, baja boluntarioak eta aurre-erretiroak, bi arrazoi direla medio. Alde batetik, enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera utzi zutelako uztailean eta, bestetik, sindikatu guztiek ez zutelako akordioa sinatu.
Egoera horrek langile inplikatuak kaltetzeko arriskua ekarri du -besteak beste, esparru fiskalean- eta bestelako bideak topatzen saiatu dira zerbitzu juridikoak.
Zentzu horretan, LABek adierazi zuen prest egongo zela sinatzeko eta babesteko, akordioari dagokionez, kaleratuen itzulera eta aurretik erretiratu nahi diren eta boluntarioki joan nahi direnen irteera. Hori bai, hori bakarrik babestuko luke sindikatu abertzaleak, akordioak jasotzen dituen gainerako puntuekin ez baitaude ados. "Ez dugu bat egiten postu aldeketekin eta lanaldia luzatzearekin, besteak beste, eta lan hitzarmena ez betetzea ekarriko duten bestelako puntuak ere ez ditugu onartuko", adierazi du Sergio Zaballa zentral abertzalearen ordezkariak.
STATen ezezko borobila
LABen baiezko mugatuarekin, orain gauzatu duten izapidea, bereziki, STATen ezekoak behartua izan da. Sindikatu horrek eutsi dio bere afiliatuek akordioari buruz adierazitako iritziari (ezezkoa bozkatu zuten) eta, ondorioz, ezinezkoa izan da hori homologatzea. STATen erabakiak zenbait sindikaturen gaitzespena ekarri du, CCOOrena, esaterako.
Tentsioa
Azken asteotan tentsio puntua sortu du prozesuak sindikatuen artean, bereziki zenbait komunikabidek plazaratu zutelako akordioa apurtuta zegoela, nahiz eta egia ez izan.
Ezinegona eragin duen beste auzia izan da enpresak mehatxua egin zuela berriro, akordioa homologatu ezean Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegiteak ez zituela erretiratuko aipatuta.