argia.eus
INPRIMATU
Tubacexeko sindikatuen gehiengoak onartu du zuzendaritzaren proposamena, kaleratzerik egongo ez delako
  • Tubacex enpresan aritzen diren sindikatu gehienek ontzat eman dute zuzendaritzaren azken akordio proposamena, eta ostiralean afiliatuekin elkartuko dira, babestu dezaten.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2021eko urriaren 01
Osteguneko piketea Amurrion, grebaren 232. egunean. Argazkia: Aiaraldea.eus

Tubacex enpresako langile batzordeko gehiengoak adierazi du zuzendaritzaren azken eskaintza onargarria dela. Horren arabera, enpresak helegitea erretiratuko du, aitortuta ez zegoela kaleratzeak egiteko arrazoirik, eta enplegua eta inbertsioak 2024ra arte bermatuko dira, zenbait moldaketen truke. Moldaketa horien puntu nagusiak dira egungo lan hitzarmena 2025era arte luzatuko dela, baina 40 ordu gehiago lan eginda eta soldatak izoztuta hurrengo 3 urteetan. 2025ean egungo hitzarmeneko baldintzetara itzuliko lirateke.

ELAk adierazi duenez, "proposamena bere osotasunean aztertuta eta baloratuta: kaleratze behartuak baztertzea eta behin behetiko neurriak ez planteatzea garrantzitsutzat jo dugu, azken erabakia afiliatuen asanblearen esku uzteko".

Multinazionalak atzo formalizatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegitea. Hain zuzen ere, atzokoa zen tramite hori egiteko epemuga. Langileek ostegunean adostutako aurreakordioa ontzat ematekotan, helegitea erretiratzeko asmoa baieztatu du Tubacexek.

Ostiralean sindikatuek euren afiliatuekin partekatuko dute proposamena, baiezkoa eman diezaioten. Horrela izango balitz, jadanik 232 egun irauten duen greba amaituko litzateke.

Printzipioz, langileek eskaintza onartuko balute, astelehenean batu beharko lirateke aldeak dokumentua sinatzeko. Ondoren, greba bertan behera geratu dela Lan Ordezkaritzari komunikatu ostean, asteartean lanera itzuliko lirateke.

Ostegunean 16:00etan elkartu dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saila, langile ordezkariak eta multinazionaleko zuzendaritza, eta bi ordu igaro baino lehen amaitutzat jo dute bilera. 

LAB sindikatuak ez du akordioa sinatu

LAB sindikatuak jadanik prentsa oharra zabaldu du jakinarazteko ez duela proposatutako akordioa sinatu. Erakundearen ustez, ez dauka zentzurik aldi baterako bi enplegu erregulazio espediente indarrean dituen enpresa batean urtero 40 lan ordu gehiago lanean aritzea eta Eusko Jaurlaritzari leporatu dio enpresako zuzendaritzarekin lerrokatzea. 

Edonola ere, eskaintzaren alde positiboak ere nabarmendu ditu LABek: "esan nahi dugu hasierako akordio honek ez duela nahitaezko kaleratzerik aurreikusten, eta LABentzat garaipen hori Tubacexen plantillaren eta Enpresa Batzordearen batasunaren eta Aiaraldeko eskualdearen eta gurekin batera egon den Euskal Herriko langileen arteko borrokaren eta konpromisoaren emaitza da. 7 hilabeteko borrokaren ostean, enpresak amore eman behar izan du eta kaleratzeak egiteari uko egin behar izan dio. Tubacexeko zuzendaritzak unearen araberako egoera bat erabili nahi izan du langileak kaleratzeko, eta, borrokari esker, langile horiek beren lanpostuetara itzuli ahal izan dira".

Gauzak horrela, ostiralean azalduko du bere erabakia LABek 16:00etan, afiliatuekin eztabaidatu ostean.

Independenteen eztabaida

Gainerako sindikatuek bozketa egingo duten bitartean, Independenteek eztabaidatuko dute, lehenik eta behin, hori egin edo ez. Izan ere, sindikatuko kide batek honakoa aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari: "Gure ustez Tubacexeko langile guztiek bozkatu eta erabaki beharko lukete akordioa onargarria den, eta ez bakarrik sindikatuetara afiliatuak daudenak".