Alvaro Videgainek Tubacexeko presidente izateari utzi behar izan dio, 70 urte bete dituelako, eta ia 30 urte enpresaren ardura izan eta gero, bere azken agurra egin du elkarrizketa bidez, Vocenton. Bere autokritika handiena, langileekin onegia izan dela.
Tubacexeko langileak 140. greba egunaren atarian daude eta azken hilabeteetan zurrunbilo indartsuan murgilduak egon dira. Azkenengoa izan da akziodunen batzarra, zeinean Alvaro Videgainek presidentetza utzi zuen, ia 30 urteren ostean, 70 urte bete zituelako. Gizonezkoak ez du enpresa utziko, Tubacex fundazioaren gidaritza izango baitu.
Hala ere, Vocento taldeak lagunarteko elkarrizketa egin zion eta igandean argitaratu zuen. Videgainek ez zuen aukera galdu akziodunen batzarrean esandakoa errepikatzeko eta bere ikuspegia azaltzeko. Presidente ohiaren iritzia oso argia da: Tubacex ataka larria zegoen 1992an, baina zuzendaritzaren sakrifizioei esker (300 langile kaleratuta) eta inbertsoreen ekarpenaren ondorioz, puntako enpresa izatera heldu da. Gorako joera horretan dena izan da berari eta bere taldeari esker, eta oztopo bakarra sindikatuak izan dira. Langileak, berez, ez dira behin ere aipatzen subjektu aktibo moduan, beti “oompa-loompa” pasibo gisa baizik: edo zuzendaritzaren tresnak dira edo sindikatuen biktimak.
Indarrean dagoen gatazkari buruz, elkarrizketan Videgainek ez du disimulatu ere egin. Ez du behin ere aipatu ustezko ekonomiaren deskarbonizazioa, energia berriztagarriak edota petrolioaren gainbehera. Ez du aitzakia sinisgaitzetan denbora galdu eta zuzenean argitu du zein den Tubacexeko talkaren muina; langileen gastuak murriztu beharra, lehiakortasunaren izenean inbertsoreek (akziodunek) diru gehiago eskuratu dezaten.
Eta horrela aitortzen du kazetariak gogoratzen dionean zuzendaritzak berak onartu dituela langileen soldatak. Galdera horretan dator Videgainen autokritika bakarra: “onartzen dut erabaki batzuetan okertu izan garela, lehenetsita enpresa aktibo jarraitzea, greba batekin gelditu ordez”.
Finean, langileekin eskuzabalegia izatea izan da presidente ohiaren akats bakarra Tubacexen. Hori bai, ez du aipatzen 2019an bi behargin hil zirela Aiaraldean bere lantegietan eta ez direla bakarrak izan XXI. mendean. Edonola ere, askoz hobeto tratatu dituzte hemengo beharginak Austria edo Estatu Batuetakoak baino, hurbilago daudelako, edo behintzat hori uste du Videgainek.
Vocentoko kazetariak, nola ez, ez zizkion aipatu Videgaini elkarrizketan Tubacex eta sindikatuen arteko epaiketak, zeinetan zuzendaritzak uko egin zion, epaileek proposatuta, kaleratzeak bertan behera uzteari eta bestelako neurriak hartzeari, langileen ordezkariekin adostuta.
Gauzak hala, presidente ohiak enpresaren bertsioa zabaldu du egungo grebari buruz: sindikatuek ez dute negoziatu nahi izan, langileak bahitu dituzte eta ez diete bozkatzen uzten, eta zuzendaritza beti egon da eta dago prest negoziatzeko. Hori bai, Videgainek ez du aipatzen bere negoziazioaren abiapuntua izan dela langileek eskubideak galtzea, hortik aurrera bai izan dutela beti akordioak lortzeko prestutasun osoa.
Izan ere, Videgainen kosmogonian sindikatuak dira guztiaren errudun; gatazkak sortzen dituztenez, ez dago enpresa gehiagorik Aiaraldean eta Euskal Herrian oro har, inbertsoreek ez dutelako nahi horrelako testuinguruan sartu nahi.
Are gehiago, kapitalismoaren oinarrizko logikaren kontra, Videgainek dio sindikatuek etekin partikularrak bilatzen dituztela, enpresan guztien mesedea bilatu behar denean. Jakina, guztien mesedea esaten duenean, presidente ohiak inbertsore guztien mesedeari egiten dio erreferentzia, eta ez langileenari.
Videgainen munduan, esan bezala, sindikatuak dira demonioak eta inbertsoreak, aldiz, aingeruak. Ahal den guztia egin beharra dago eurak pozik izateko. Baina berak elkarrizketan aipatzen duen inbertsore bakarrak uste baino hobeto azaltzen du gatazkaren muina. Presidente ohiaren esanetan, Jose Maria Aristrain akziodun bilakatzea izan zen enpresaren garaipenik handiena.
Videgainek ahazten du argitzea, ordea, Aristrainek 750 milioi euroko bermea ordaindu behar izan duela kalean jarraitzeko, fiskaltzak 64 urteko kartzela zigorra eta 1.400 milioi euroko isuna eskatu baitizkio, ogasunari Suitzan 200 milioi euro ezkutatzea egotzita.
Horrelako inbertsoreen diru gosea asetzeko, hain zuzen, uko egin behar diete langileek euren eskubideei, Videgainen ustez.
Bistakoa da Alvaro Videgainen helburu nagusia Vocentoko elkarrizketan izan dela salatzea enpresarien funtzio soziala ez dagoela ondo ikusita gizartean, baina, azkenean, bere tranpan erortzen da, harrapaketa ekonomikoa goraipatuta.
Hain zuzen, kazetaria kritiko agertzen denean Solarpack enpresako inbertsoreek egindakoarekin (energia berriztagarrien burbuila baliatu bere akzioak saltzeko, eta konpainiatik desagertarazteko), Videgainek zuzentzen dio eta kontrako iritzia plazaratzen du: inbertsoreek oso ondo jokatu zutela eta ahalegin handiaren ondorio izan zela gertatutakoa.
Eredu horiekin, ez da harritzekoa Tubacexen gertatzen ari dena.