argia.eus
INPRIMATU
Tubacexeko langile guztiei ezarri nahi diete aldi baterako enplegu erregulazio espedientea
  • Laugarren erregulazio espedientea izango litzateke enpresarentzat, eta irailaren 11tik abenduaren 31ra arte ezarriko lukete. Kaleratutako 129 langileei ere aplikatuko litzaieke. Tubacexek mantendu egingo du beharginak berriro onartzera behartzen dituen epaiari ezarritako helegitea.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 01
Tubacexeko langileak. Argazkia: ELA

Tubacexeko langileen ordezkariak eta zuzendaritza taldea atzo bildu ziren, abuztuaren 31n, ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berriaren baldintzak negoziatzeko. Laudioko eta Amurrioko langileek 200 egun baino gehiago daramatzate greban, eta honakoa onartuko luketen laugarren erregulazio espedientea izango litzateke. Irailaren 11tik abenduaren 31ra arte ezarriko litzaieke beharginei, hileko 10era arte indarrean dagoena bukatu ondoren.

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz izandako eskariaren jaitsieragatik aplikatuko litzateke espedientea, eta gehienez ere, lanaldiaren %70 erregulatuko luke. Gainera, behargin guztiei aplikatuko litzaieke: orain arte erregulazioan egon direnei, baita enpresak kaleratzeko asmoa dituen 129 langileak eta epai judizialaren ondorioz berriz onartutakoei ere.

Eduardo Ibernia langile batzordeko presidente eta ELAko ordezkariaren iritziz, proposamena "logikoa" da. Halere, kaleratze mehatxuak bertan dirau: "Momentuz ez dago inolako mugimendurik, eta grebak aurrera jarraituko du". Presidenteak EFE agentziari adierazi dionez, beharginak grebatik ateratzeko hainbat neurri hartu beharko lituzkete. Enplegu erregulazio espedienteak (EEE) ezarritako "neurri ez traumatikoak" (aurretiko erretiroak eta borondatezko bajak) onartu beharko lirateke, eta kaleratzeak ekiditeko, ABEEE bezalako behin behineko neurriak hartu.

Abuztuaren 31ko bilerak lehen pausoak ezarri ditu negozioazioetan, baina, datozen egunetan ere baldintzak adosteko bilera gehiago aurreikusi dituzte. Langileak eta zuzendaritza ostiralean elkartuko dira berriro, eta irailaren 6 eta 7an ere bilduko dira, erregulazioaren nondik norakoak zehazteko.

Helegitea mantentzendu multinazionalak

Negoziazioak gorabehera, sindikatuak beldur dira kaleratze gehiago egongo ez ote diren. EAEko Auzitegi Nazionalak uztailean ebatsi zuen Tubacexek egin nahi zituen kaleratze masiboak legez kanpokoak zirela, baina erabakiari helegitea jarri zion multinazionalak. Oraindik, kexa mantendu egingo duela iragarri du Tubacexek. EBAAA berria ezartzea aurrerapena den arren, sindikatuek helegite hori kentzearen bermea lortu nahi dute –hartutako erabakiak gerora epaile batek indargabetu ahal izatea ekidingo lukete horrela–.

Epaitegiak ebatzitakoa ez da bete

Uztaileko erabakiekin, zuzendaritza botatako langileak berriz hartzera behartu bazuten ere, enpresak ez zuen hitza bete. Soldatak ordaindu zizkien beharginei, baina ez zien utzi lanpostuetara bueltatzen.

Langileak modu mailakatuan inkorporatuko zituela esan zuen Tubacexek, greban jarraituko zutela mehatxu egin zietenean. Dena den, Aiaraldeak salatu duenez, abuztuaren erdialdean oraindik ez dituzte berriro hartu behar zituzten langileak Gizarte Segurantzan altan eman.