argia.eus
INPRIMATU
Tubacexeko langile bat hil da, bero handiko gune batean lanean zegoela eman dion bihotzekoaren ondorioz
  • Behargina Eusetek enpresa azpikontratatuarekin zegoen lanean fabrikan. Udan Tubacexen jazo den bigarren lan heriotza izan da, eta eskualdeko hogeigarrena.

Aiaraldea @aiaraldea 2019ko irailaren 18a
Anbulantzia eta suhiltzaileak bertaratu dira fabrikara.

Tubacex taldeko Aceralava lantegian zegoen behargin bat (M.G.R. 59 urteko gizonezkoa) hil zen atzo, bihotzekoak jota. Bero handia egiten zuen toki batean zegoen lanean konortea galdu zuenean. Antza, bero-kolpe bat pairatu zuen. Anbulantzian eraman zuten Gurutzetako ospitalera behargina, baina ez da onik atera.

Iturri sindikalen arabera, behargina Eusetek enpresa azpikontratatuarekin zegoen lanean fabrikan. Sindikatuak gaur bilduko dira 15:00etan gertatutakoa lantzeko. Enpresaren zuzendaritzak adierazi die ez dakiela zeintzuk diren heriotzaren arrazoiak. Albistea eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala.

Udako bigarren lan heriotza

Euskal Herrian aurten egondako 33. lan heriotza da honakoa, eta Tubacexen udan jazotako bigarrena. Izan ere, iragan uztailaren 4an Laudioko gazte bat hil zen enpresaren Laudioko fabrikan. Duela bederatzi urte beste langile bat hil zen lantoki berean.

Aiaraldea hedabideak erreportajea osatu zuen orduan lantegian ordezkaritza duten sindikatu guztien iritziekin, lan heriotzak ekiditeko prebentzio neurriak hartu ziren edo ez jakiteko.

20 hildako 11 urtetan

Urtez-urte luzatzen doan zerrenda da lan-heriotzena. 2007tik hona 20 langile zendu dira eskualdean lan-istripuen ondorioz, atzo zendutakoa kontatuta. Iaz, adibidez, bi gizon hil ziren Orozkoko harrobian lan egiten ari zirela.