Tubacexen Aiaraldeko bi lantegietan egin dituzten EEEak eta 129 kaleratzeak balio gabe utzi ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Langileak berriz onartzera behartuta dago zuzendaritza, baina helegitea jarriko duela aurreratu du dagoeneko.
Ekainaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, eta iritsi da ebazpena: Auzitegiak ez du onartzen lanpostuak suntsitzea dakarren neurririk, “ez baitago EEEa aurkezteko eta langileak kaleratzeko arrazoi nahikorik". Pandemiak eragindako egoera puntuala ezin dela langileen kaleratze bilakatu defendatu izan du enpresa batzordeak.
Helegitea
Enpresako zuzendaritzak langileak berriz ere onartu beharko ditu, baina Madrilgo Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Zuzendaritzak ez du ulertzen zergatik ez den hartu aintzat "Oil&Gas sektoreak energia-trantsizioak eta deskarbonizazioak eragindako negozio-eredua nabarmen aldatu duela".
Borroka irmoa
Otsailean hasi zuten langileek greba mugagabea, eta ordutik tinko aritu dira euren eskubideen alde borrokan. Ezagunak dira burutu dituzten ekintza eta piketeak, eta beraien aurka egin izan du Ertzaintzak, behin baino gehiagotan.