2021ean ia zortzi hilabetez luzatu zen Tubacex enpresako greba Aiaraldean, baina haren eragina ez da guztiz desagertu. Izan ere, irailaren 18an, hau da, hurrengo astelehenean, eskualdeko hiru gaztek lau urte eta zazpi hilabeteko akusazioei egingo diete aurre Gasteizeko epaitegian. Hauek dira grebari lotutako eskaera handienak, nahiz eta guztira 20 urte baino gehiago metatu akusatu guztien artean.
Ertzaintzak leporatu die talde antolatua osatzea greban istiluak sortzeko, baina gazteek ukatu dituzte akusazioak eta nabarmendu dute ez zutela elkar ezagutzen ere garai horretan. Zehazki, poliziak martxoaren 25ean Amurrioko lantegiaren atarian gertatutako liskarren ardura eurei egotzi nahi die.
Epaituak izango diren bi gaztek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diote istilu larrienak gertatu zirenean eurak ez zeudela Amurrioko lantegiaren sarreran, eta nabarmendu dute geroago heldu zirela.
Ekainaren 11n elkarretaratzea egin zuten Tubacexeko langile baten kontrako epaiketa salatzeko eta agerraldi horretan ere kritikatu zuten enpresako beharginak ez direnen kontra "gehiegizko zigorrak" eskatzeak bi helburu dituela. Alde batetik, "saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek sortu zituztela". Bestetik, borroka kriminalizatzea eta ekiditea herritarren eta gizartearen artean babesa jasotzea.
Beste bi epaiketa aurretik eta laster beste bat
Edonola ere, hau ez da lan gatazkari lotutako lehen epaiketa. Are gehiago, biharko elkarretaratzearen antolatzaileek aurreratu dutenez, beste epaiketa bat egongo da laster bi beharginen aurka. Hain zuzen, bi hitzordu horiekin espero dute errepresio aroa amaitutzat jotzea epaitegietan, aurretik beste bi langile ataka berean egon baitziren.
Lehenengo grebalariak 2022ko azaroaren 7an deklaratu zuen epailearen aurrean eta absoluzioa lortu zuen. Hain zuzen, epaileak zalantzan jarri zituen Ertzaintzaren bertsioaren hainbat puntu eta Amurrioko lantegiko kidea errugabetzat jo zuen. Poliziek emakumeari leporatzen zioten agente bat kolpatzea 2021eko ekainaren 17an Amurrioko epaitegien aurren egindako elkarretaratze batean.
Beste epaiketa aurten izan da, ekainaren 15ean, eta kasu horretan Laudioko beste langile batek 21 hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin zion aurre. Ertzaintzak agintaritzaren aurkako atentatua eta erresistentzia leporatu zizkion, baina epaileak bakarrik eman zuen frogatutzat erresistentzia erakutsi zuela atxilotzen zuten bitartean. Hala ere, Tubacexen lan egiten duen laudioarrak helegitea aurkeztu du.