Euren lanpostuak mantentzeko greba mugagabean ari diren Tubacexeko langileek ibilaldia hasi dute oinez Aiaraldetik Gasteizera, eta ostiral goizean iritsiko dira Eusko Legebiltzarraren atarira. Bidean herritarren babes beroa ari dira jasotzen.
129 lagun kalea uzteko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) indarrean jarri den egun berean ekin diote Tubacexeko langileek Gasteiz hiriburura iristea helburu duen martxari. Aurreko egunean, asteazkenean, suzko barrikadak eta piketeak egin dituzte beste behin, greba mugagabean daramaten gainerako 64 egunetan moduan.
Grebalariek Araba iparraldea zeharkatuko dute lehen egunean, eta igarotzen ari diren herrietan jende askoren babesa eta txaloak jasotzen ari dira, Zuian kasu, sare sozialetan zabaldutako bideo honetan ikus daitekeenez:
Horrela egin diete Zuiako herritarrek harrera #Tubacex-eko langileei😍
Borroka da bide bakarra✊#DuintasunarenMartxa#AiaraldeaBorrokan pic.twitter.com/PeUBgWBGAD
— Sortu Aiaraldea (@SortuAiaraldea) April 15, 2021
EEEa ezartzearen ondorioen inguruan, Enpresa Batzordeak garbi du ez dela "ezer aldatu". Bere hitzetan, jarraituko dute betiko moduan, kaleratutako langileen eta besteen artean inolako bereizketarik egin gabe. Kaleratze traumatikorik ez dadila izan nahi dute.
Gorbeia ingurua zeharkatu ondoren, Gopegin igaroko dute gaua langileek eta ostiralean goizeko 5:30ean ekingo diote berriz "duintasunaren martxari"; Gasteizen Arriagako Atetik sartuko dira lehen orduan.