Agerraldi jendetsua egin dute gaur eguerdian Aiaraldeko Erresistentzia Kutxako kideek Tubacex enpresako Laudioko lantegiaren aurrean. Ehunka lagun bertaratu dira deialdira: Tubacexeko langileak, pentsiodunak, ikasleak, beste enpresa batzuetako beharginak, merkatariak, erresidentzietako beharginak edota mugimendu feministako kideak, besteak beste.
Tubacexeko grebalarien atzean eskualde osoa dagoela aldarrikatu dute prentsaurrekoan. Tubacexeko bi langilek hartu dute hitza lehenbizi, erresistentzia kutxaren izenean.
176 greba egunen errepaso zabala egin dute, eta kritika zorrotza egin diete komunikabideei, multinazionalaren zuzendaritzari edota erakunde publikoei. Enpresan egondako lan heriotzak gogora ekarri dituzte, eta erresistentzia kutxak ogasunaren partetik izan duen jarraipena ere salatu dute, besteak beste.
“Gure borroka azpikontratazioa eta gure enpleguen prekarizazioa eragozteko da, gure enpresaren eta bailararen biziraupena eta etorkizuna bermatzeko, bai eta kaleratutako 128 lankideak behin betiko eta bermeekin berronartzeko ere. Gure ustez, borroka hori bidezkoa da, eta ez du merezi erakunde batzuetatik jasaten ari garen kriminalizazioa”, adierazi dute.
Horrez gain, nabarmendu dute erresistentzia kutxa ez dela gatazka luzatzeko tresna bat, “epaiek langileei aitortutako eskubide eta lanpostuak berreskuratzeko” baliabide bat baizik. Gauzak hala, herritar orori luzatu diote ekarpen ekonomikoa egiteko gonbita, “bakoitzak ahal duen neurrian”. Kontu korronte hau jarri dute horretarako: ES31 3008 0214 16 4417535921.
Bide batez, gogoratu dute enpresak ez dituela kaleratutako langileak altan eman Gizarte Segurantzan eta, ondorioz, epaileen sententzia bete gabe jarraitzen duela.
Langileen ondoren, Aiaraldeko bi bizilagunek hartu dute hitza, erresidentzia bateko langile batek eta tabernari batek.
Bi mezu helarazi nahi izan dituzte. Alde batetik, behingoz etetea eskatu dute “Tubacexeko kideen aurkako mehatxuak, eguneroko poliziaren jarrerak, baita manipulazio mediatikoak eta prozesu judizialak ere”.
Ildo beretik, langileak kriminalak ez direla aldarrikatu dute. “Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu berehala eta berme osoz betearaz dezala Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, kaleratutako guztiak berriro onartzera behartzen duena, eta eskualde honen etorkizunarekin inplika dadila, hitz polit eta promesa arinetatik harago”.
Ildo beretik, presentzia polizialarekin amaitzea eskatu diote Segurtasun Sailari, eta eskaera zuzena egin diete baita komunikabideei: “eskualde apal eta langile honen izena zikintzeari uztea gezur eta manipulazioekin, askotan informatu beharrean gatazka sortzeko helburuz jarduten baitute”.
Bestetik, “elkartasunik beroena” helarazi nahi izan diete Tubacexeko langileei eta euren senideei: “Haien borroka ez da Tubacexen aldeko borroka bakarrik, guztiontzako etorkizun eta enplegu duin baten alde ari dira borrokan eta, bide horretan, esan nahi dizuegu auzokide asko dituzuela ondoan laguntzeko: laguntza ekonomikotik hasi, baina baita seme-alabak zaindu edota beharrezkoak diren bestelako lanetan sostengatzeko ere. Ez izan zalantzarik laguntza eskatzeko, borroka hau kolektiboa baita, eta beste behin ere modu honetan egingo baitiogu aurre, kolektiboki”.
Zentzu horretan, datozen asteek “garrantzi berezia” izango dutela nabarmendu dute eta, horregatik, babes ekonomiko eta soziala handitzeko deia luzatu diete herritar guztiei.