argia.eus
INPRIMATU
Tubacexeko beharginak lanera bueltatzea onartu du zuzendaritzak
  • Tubacexen Aiaraldeko bi lantegietan egin dituzten EEEak eta 129 kaleratzeak baliogabetu eta langileak berriz onartzera behartu zuen zuzendaritza EAEko Auzitegi Nagusiak, baina soldata ordaindu arren lanera bueltatzea debekatu zien zuzendaritzak langileei. Iritziz aldatu du orain.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 20a

Kaleratutako langileak lantokietara bueltatu arte, greba mugagabean jarraituko zutela adierazi zuten langileek astelehen honetan. Bada, asteartean, iritziz aldatu eta erabaki berria hartu du enpresako zuzendaritzak: onartu egingo ditu kaleratuak.

Enpresa batzordeak eman du berria, eta zuzendaritzak esan dionez, “segurtasun, tramite eta antolaketa beharren arabera, modu mailakatuan hartuko dira berriz ere langileak, uztailaren 26an hasi eta beranduen azaroaren 30ean bukatuz”.

Eskaintza baloratuko dute langileek

Halere, enpresa batzordeak argi utzi nahi izan du zuzendaritzaren eskaintza baloratu eta erabakiak hartu behar dituela orain, eta bitartean greba mantentzen dutela.

Borroka irmoa

Otsailean hasi zuten langileek greba mugagabea, eta ordutik tinko aritu dira euren eskubideen alde borrokan. Ezagunak dira burutu dituzten ekintza eta piketeak, eta beraien aurka egin izan du Ertzaintzak, behin baino gehiagotan.