Akordiorik erdietsi gabe amaitu da zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko bilera zikloa.
Asteazkenean egin zen Tubacexeko zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko zazpigarren eta azken bilera, ostegunean -urriak 15- amaitzen baita multinazionaleko buruek enpresa batzordeari gaiaren inguruan posizionatzeko emandako epea. Bi aukera jarri ditu enpresak mahai gainean: 150 langile kaleratzea edo soldatak murriztea, modu batean edo bestean 10 milioi euro aurrezteko.
Horren aurrean, orain arteko posizio bera mantendu zuten sindikatuek asteazkeneko bileran: uko egin zioten bi aukera horiek baloratzeari, negoziaziorik egon ez zela argudiatuta. Enpresa pairatzen ari dena “behin behineko krisi bat” dela azaldu dute langileen ordezkariek, eta nabarmendu dute zuzendaritzak ez duela inolako plan industrialik aurkeztu egin dituzten bileretan. “Akordioa inposizioaren bidez lortzen saiatu dira eta Enplegua Erregulatzeko Espediente baten mehatxua mahai gainean jarrita”, salatu du ELAren sail sindikalak.
Zuzendaritzak, bere aldetik, adierazi du enpresa taldeko administrazio kontseilura eramango duela bileretan hitz egindakoa, eta organo hori izango dela zer egin erabakiko duena.
Ostegunean beste bilera bat izango dute sindikatuek zuzendaritzarekin. Izan ere, enpresak Enplegua Erregulatzeko Aldi Baterako espediente berria jarri nahi du martxan, eta hori negoziatzeko bilduko dira.
Ostiralerako, aldiz, mobilizazio eguna deitu du enpresak. Lanuztea deitu dute arratsaldeko seietatik hamarretara bitartean, eta mobilizazioa egingo dute 19:00etan Amurrion, udaletxearen aurretik abiatuta.